Pasa den igandean, azaroaren 20an, Hondarribiko Jostaldi pilotalekuan, Gipuzkoako taldekako alebin txapelketa egin zen. Herriko ordezkaritza zabala izan zen bertan eta, lehenengo aldiz, Getariako Taiko Judo Klubeko mutilen alebin taldeak parte hartu zuen. Judoa bakarkako kirola izan arren, txapelketa hori taldean egiten da eta horixe da, hain justu, lehiaketa horren berezitasuna.

Mutilei dagokionez, zazpi pisu ezberdinetako judokek osatzen dute taldea. “Getariarren kasuan, ordea, pisu desberdinetako lau alebin mutil besterik ez daude eta, beraz, konbate bat galtzeak taldea lehiatik kanpo geratzea esan nahi zuen”, adierazi du Taiko Klubak.

09:00etan hasi zen mutilen txapelketa. 31 kilo azpiko kategorian, Julen Uranga eta 34 kilo azpitikoan, Anartz Rodriguez lehiatu ziren. “Biak alebin mailako lehenengo urtean daude eta teknikoki oso esperimentuta egon arren, beraien bigarrengo txapelketa izan zen”, azaldu du klubak. Hurrengo bi kategoriatan, “urtebete gehiagorekin eta hainbat txapelketetan lortutako esperientziarekin”, 38 kilo azpiko kategorian, Suhar Esnal eta 42 kilo azpikoan, Inhar Garin aritu ziren norgehiagokan.

Lehenengo lehia Hernaniko taldearen aurka egin zuten, non bi randoria irabazi eta bi galdu ostean, Hernanik lortu zuen garaipena. Bigarrena, txapelketan jarraitu ahal izateko erabakigarria, Usurbilgo taldearen kontra eduki zuten. Getariarrek ezin izan zioten gain hartu usurbildarrei eta lehiatik kanpo geratu ziren.

Getariarrez osatutako talde batek txapelketan parte hartu izana azpimarratu dute Taiko Judo Klubetik: “Emaitzari erreparatu gabe, zoriontzekoa da Taikok alebin taldea ateratzeko gaitasuna edukitzea eta judoka hauek taldekako txapelketa ezagutzeaz gain, beraien esperientzia zabaltzea”.

Nesken kategorian, Zarauzko taldearen baitan, Seynabou Camara

Mutilen ostean, 11:00etan, nesken txanda izan zen. 34 kilo azpiko kategorian Seynabou Camara bakarrik dagoenez, Zarauzko taldearekin aritu zen getariarra. Hala, Gipuzkoako hirugarren postua lortu zuen. Txikitatik Taiko Judo Klubean jardun arren, lehenengo txapelketa izan zen igandekoa Camararentzat. Klubetik nabarmendu dute “emaitza zoragarria izateaz gain, Taiko Judo Klubak lortu duen Gipuzkoako lehen kopa etxeratu du”.

Joan den asteartean, Lehen Hezkuntzako bigarren eta hirugarren mailako haurrek ongi etorri beroa egin zieten txapelketako parte hartzaileei eta beraien esperientzia kontatzeaz gain, lortutako kopa nahiz domina erakutsi zien gainerakoei Camarak.

Argazkia: Taiko Judo Kluba