Eskaera argi batekin eman dute amaitutzat Euskaraldia gaur eguerdian: bihartik aurrera ere hizkuntza ohiturak aldatzeko ariketa sozialarekin jarraitzea.

Mezu bateratua emateko bildu dira Gasteizko Artium museoan erakundeetako zein hainbat herri batzordetako ordezkariak. Bertan izan dira, besteak beste, Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua, Ana Ollo Nafarroako Gobernuko herritarrekiko harremanetarako kontseilaria, Kike Amonarriz Euskaltzaleen Topaguneko lehendakaria, Goiatz Urkijo Euskaraldiko koordinatzailea eta Gasteizeko, Arrasateko, Tolosaldeko eta Arrigorriagako taldeetako kideak.

Aurtengo Euskaraldiaren datuak eman dituzte: 161.009 pertsonek hartu dute ahobizi edo belarriprest rola, 6.634 entitatek eman du izena eta 8.563 arigune sortu dituzte. Gainera, batzuek, izenik eman gabe ere, txapa berria jasota edo aurreko edizioetakoekin hartu dute parte Euskaraldian. Ondorioz, parte-hartzea “egonkortze bidean” dagoela azpimarratu dute antolatzaileek, baita kopurua oso ona dela ere. Alabaina, aitortu dute aurten txapa gutxiago ikusi dela kalean.

Dena den, kopuruaz harago, ariketa soziala “gizartean txertatuta eta normalizatuta” dagoela adierazi dute. Hala, “lehen hitza euskaraz egitea gero eta ohikoagoa da, elkarrizketa elebidunetan gero eta jende gehiago hasi da eta jende gehiagok adierazi du berari euskaraz egiteko nahia. Ariguneetan ere, aurretik zeuden euskara dinamikak indartu dira”, adierazi dio Amonarrizek Berria egunkariari.

Aurrera begira, hausnarketarako gaiak ez ezik, erronkak finkatu dituzte antolatzaileek: rolak gizarteratzen jarraitzea, txapa erabiltzearen garrantzia azpimarratzea eta Euskaraldia ariketa “praktikoa” dela gogoratzea.

 

Lotutako albisteak: