Gipuzkoako Foru Aldundiak asteon iragarri du gaur egun indarrean dagoen laguntza mailari eutsiko diola datorren urtean ere. Hala, Mugi txartelerekin ordaintzen duten bidaiariek %50eko deskontua izaten jarraituko lukete. Gipuzkoako Garraio Agintaritzak jakitera eman duenez, deskontu hori mantentzeak 24,3 milioi euroko gastua du. Zenbateko hori nork ordainduko duen, ordea, ez dago argi eta, ezjakintasun horrek, azken orduetan, erakundeen artean talkak eragin ditu.

Donostiako alkate Eneko Goiarentzat, “arduragabekeria” da deskontuak aurrera egingo duela iragartzea, oraindik ez baitago argi, orain arte bezala, Espainiako Gobernuak gastu horren %30a ordainduko duen ala ez. Eusko Jaurlaritzak deskontuaren %10a hartzen du bere gain eta horrek ere bere horretan segituko duen ikusteko dago, Goiaren arabera. Oñatiko, Hernaniko, Oiartzungo eta Errenteriako alkateek, berriz, deskontua aplikatzen jarraitzea eskatu dute.

Mugiren inguruko erabakiak aldundiari eragingo liokeen 9,5eko milioi eurorainoko defizita estaltzeko gai da foru erakundea, funts bat daukalako gorderik bere aurrekontuetan horretarako. Donostiako Udalak, ordea, 7,5 milioi euroko zuloari aurre egin beharko lioke Dbusek biltzeari utziko liokeen kopuruagatik.

Iñigo Urkullu lehendakariak garbi esan du “bidezkoa” dela garraio publikoaren %50eko deskontuei aurre egiteko finantzaketa gaur egun bezala egitea datorren urtean ere. Alegia, deskontuen %30 Espainiako Gobernuak ordaintzen segitzea nahi du Urkulluk. Baina hori horrela izango den ala ez ezin da ziurtatu oraingoz. Hasteko, Espainiako Gobernuaren ordezkari Denis Itxasoren hitzetan, “garraio esparruan baditu eskuduntzak Euskadik, eta baliabide nahikoa ere bai garraioaren laguntzei eusteko”. Garbi helarazi du finantzaketa osoak euskal erakundeen esku egon beharko lukeela 2023an. Era berean, EAJko zenbait agintariren adierazpenak aztertzean, “ihes egiteko ariketak” erabiltzen ari direla aipatu du Itxasok.