Hasiera-hasieratik, Udal Gobernuaren asmoa izan da herritar eta eragile guztiekin elkarlanean aritzea eta, hain zuzen ere, horren isla da aurrekontuak aho batez onartu izana.

Getariako EH Bilduren iritziz, Guztiok1! parte-hartze prozesutik eta auzoetan egindako bileretatik jasotako hainbat proposamenek, bai eta EAJk egindako ekarpenek ere, aurrekontuak aberastu dituzte.

Azpimarratu nahi dugu, bigarren urtez jarraian, herriko gaztetxoenek ere proposamenak helarazteko bidea izan dutela, Iturzaeta ikastetxearekin lankidetzan. Hain zuzen ere, lankidetza horri esker sortu zen Irakurketarako Txoko Irekia (abuztuan gauzatutakoa), eta, ildo beretik, hurrengo urtean parkea egingo da San Anton mendian.

Aurrekoek bezala, aurrekontu honek berriro ere herritarren ongizatea ipintzen du erdigunean; hori dela eta, diru gehiago bideratuko da ongizateari begirako proiektuetara. Hala, bi logelako etxe babestua eraikiko da 65 urtetik gorako herritarrentzat eta diru gehiago zuzenduko da larrialdi-egoeran dauden herritarrei laguntzeko.

Bestalde, trantsizio energetikoan eta ekologikoan urratsak ematen jarraitzeko, eta 2022an hasitako bideari segida emanez, 78.000 euroko diru-poltsa aurreikusi da.

Hirigintza-arloan, hainbat hobekuntza-lan egingo dira Bista Onan eta Balentziaga kalean, eta Askizun komun publiko bat ipiniko da. Horrez gain, motoentzako aparkaleku berriak egokituko dira.

Kirol- eta aisialdi-instalazioei dagokionez, berriz, crossfiteko gunea sortuko da kiroldegi barruan eta kanpoko eremua estaltzeko exekuzio-proiektua ere idatziko da.

Aipatutako egitasmo horiek gauzatzearekin batera, Irisgarritasun Plana eta Berdintasun Plana garatzeko hainbat jarduketa jasotzen ditu 2023 udal-aurrekontuak.