Gabonen atarian, Babexa Getariako Dendari Elkarteak kanpaina berria jarriko du martxan. Hala, datorren astelehenean, abenduaren 12an, hasi eta hilaren 22a bitartean, Babexa elkartearen baitan dauden establezimenduetan sari txartelak banatuko dituzte.

Orotara, 1.000 sari pasatxo daude. “Gehienak deskontuak dira, baina produktuak ere badaude”, azaldu digu Babexako ordezkarietako batek. Hala, bost eurotik gorako gastua egiten duen bezero orori txartel bat emango diote: “Bost eurotik gorako erosketa bakoitzeko txartel bat emango dugu; berdin du zenbateko gastua egin”. Txartela zabaldu eta bezeroak momentuan bertan jakingo du zerbait egokitu zaion eta hala bada, zer sari lortu duen.

Txartelak hilaren 12tik 22ra banatuko dituzte eta saria lortzen duten herritarrek urtarrilaren 6a bitartean erabili beharko dute. Sariak nahastuta egongo dira eta, beraz, denda batean beste saltoki bateko produktua edo beste saltoki batean erabiltzeko saria toka daiteke.