Ia ordu erdiko atzerapenarekin, 18:30ean hasi da San Antonetako herri kirol saioa. Parte hartzaileen aurkezpenarekin ekin zaio erakustaldiari, hau da, Udane Ostolaza, Xabat Olaizola, Julen Alberdi Txikia IV, Mikel Larrañaga, Nerea Arruti eta Karmele Gisasola Zelai III.a plazaren erdira gonbidatuta.

Sorpresa izan da orduan, izan ere, aurkezleak kirolarien artera deitu du Joseba Otaegi Getariako bizilaguna. Iazko Pentatloi finalaren bueltan jakinarazi zuen txapelketak utziko zituela eta “aizkolari gozo” gisa deskribatu ondoren, egindako lanagatik eskerrak eman dizkiote. Xebastian Lizaso eta Andoni Egañak honako bertsoak eskaini dizkiote, besteak beste:

– I –

Aurkezpenean agindu diote
Josebari karpan erdira.
Bertsotan hasi, aizkoran segi,
iritsi zen pentatloira,
berrogei urteren jira-bueltan
kirolari despedida.
Eskerrik asko, Joseba, eta
begira eguraldira
herri kirolak eta natura
negar malkoz ari dira.

– II –
Hara Joseba, esan beharko
hitzak neurtuta, xuabe
euskaltasuna izan da beti
zure oinarri, zutabe.
Zure agurra omen den hontan
denok hunkituta gaude
mutikotatik izan baitzara
etorri plazaren jabe.
Kirol plazari nahiz agur esan
bertso plazak hortxe daude.

Hotzari aurre eginez, Ostolazak ekin dio herri kirol saioari eta 85 kiloko harri errektangularrarekin bost altxaldi egin ditu bi minutuan. Olaizolak 20 jasoaldi eman dizkio, berriz, 125 kiloko harriari bi minutu eta bi segundoan. Animo oihuak izan ditu bidaide zarauztarrak, atzean baitzituen lagunak.

Aizkolarien txanda izan da ondoren eta zutikako enborra, segundu eskaseko aldeaz, Txikia IV.ak bota du lehenbizi. Gero, harri jasotzeko bigarren saioan bi minutuko txandatan aritu dira berriro. Ostolazak 50 kiloko zilindrikoa 20 aldiz jaso du eta Olaizola 112,5 kiloko kubikoarekin aritu da.

Pentatloiko azken bi txapeldunen arteko lehian, Arrutik abantaila nabarmena hartu du aizkoran eta bera izan da garaile, 14 minutu eta 35 segunduko denborarekin. Gisasolak, aldiz, 15 minutu eta 19 segundo behar izan ditu lanak amaitzeko. Gaurkoan, hamar aldiz harria jaso, bi enbor moztu, txingekin hiru plaza egin eta korrika bost itzuli eman behar izan dituzte.

Aizkolarien arteko norgehiagoka estuagoa izan da eta oso alde gutxiko tartearekin moztu dituzte sei enbor. “Hustu” egin dira kirolariak eta gogotsu, indarrez, aritu dira aizkoran. Amaieran, 8 minutu eta 20 segunduko denboran, bi segundoko aldeaz, Larrañaga izan da nagusi.

Ostolazak eta Olaizolak bertaratutakoei egindako agurrarekin bukatu da gaurko herri kirol saioa. Ekitaldia, berriz, Lizasok eta Egañak agurtu dute.

 

Lotutako albisteak: