Helburua da Getariako emakumeek historian zehar, esparru desberdinetan, herriari egindako ekarpenak jasotzea; besteak beste, lanean, bizitza sozialean, ekonomikoan, politikoan zein kulturalean. Ane Loidi Berdintasun eta Ongizate zinegotziaren hitzetan, “badira emakume esanguratsu batzuk eta beraien inguruan gehiago jakin beharko genuke”. Hala, Getariako Udalak, ikerketa baliatuz, emakumeen ekarpena zer nolakoa izan den jasotzen hasi nahi du, “kontatu gabeko historia argitara eman, emakumeei zor zaien aitortza egin ahal izateko”.

Bekadunak 4.000 euroko dirulaguntza jasoko du ikerketa gauzatzeko. Ikerketa banaka edo taldean egin ahal izango da. Loidik azaldu duenez, Berdintasun Planaren baitan garatuko duten egitasmoetako bat izango da: “Plana datozen lau urteei begira egin da eta aurtengo lanetako bat izango da ikerketarena”. Garai bateko emakumeen inguruan interesa piztu eta lanketa hori egiteko moduak bilatzen hasi zen udala. “Beste herrietan, beka bitartez, ikerketa horiek eginda bazeudela ikusita eta, kasu honetan, Zumaiakoa eredutzat hartuta”, Getarian ere halaxe egitea erabaki dute.

Lan interesgarria dela iritzita, beka deialdira proposamenak aurkeztera gonbidatu ditu herritarrak Berdintasun eta Ongizate zinegotziak. Proposamenak egiteko epea deialdia Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta, hurrengo egunetik hasita, 30 egun baliodunen epean aurkeztu beharko dira. Ikerketaren iraupena, gehienez, 12 hilabetekoa izango da. Hala, beka onartu izanaren agiria aurkezten denetik, 10 hilabeteko epean, bekadunak idatzizko txostena aurkeztu beharko du epaimahaiaren aurrean. Oinarri arautzailearen dokumentu osoa hemen dago eskuragarri.

Beste dirulaguntza batzuk

Getariako emakumeek historian zehar herriari egindako ekarpenak jasotzeko ikerketaren oinarri arautzaileaz gain, udalak ondoko dirulaguntzen oinarriak argitaratu ditu: Getariako goi mailako kirolarientzako dirulaguntzena, Getariako 2023-2024 urteko dirulaguntzen plan estrategikoarenak, euskara ikasteko dirulaguntzena eta garapen bidean dauden herrialdeetan lan egiten duten talde eta erakundeei banatzeko dirulaguntzena.

Horrez gain, Getariako Udaleko langile publiko izateko hautapen prozesuetan bitarteko elektronikoen bidez harremanak izateko betebeharra arautzen duen oinarri arautzailea ere argitaratu du udalak.