Urtero lez, zabaldu dute inauterietako kartel lehiaketan parte hartzeko epea. Getaria eta inauteriak oinarri hartuta, adin guztietako herritarrek aurkeztu dezakete euren proposamena –parte-hartzaile bakoitzak, gehienez, bi lan aurkez ditzake–. Lanak udaletxean edo liburutegian aurkeztu beharko dira eta horretarako azken eguna otsailaren 6a, astelehena, izango da. 19:00etan amaituko da epea eta hortik aurrera, ez dituzte lan gehiago onartuko.

Kartelek derrigorrezko testu bat izan beharko dute; hain zuzen, “Getariako inauteriak 2023”. Horrez gain, egile bakoitzak goiburu bat jarri beharko dio bere lanari. Goiburuak egileak berak idatzia izan beharko du. Idazten ez dakiten haur txikien kasuan, ezer idatzi gabe edo beren erara egin beharko dute, helduen esku-hartzerik gabe.

Lanak egilearen sinadurarik gabe aurkeztu beharko dira. Parte-hartzaileek identifikazio-datuak (izen-abizenak, telefono zenbakia eta adina) gutun azal batean sartu beharko dituzte. Gutun azalak kartelaren izenburu edo goiburu bera izan beharko du. Kartela edozein modalitate artistikotan egin daiteke (16 urtera artekoen lanek eskuz eginak izan beharko dute). Kartelak Din A3 neurrian aukeztuko beharko dira.

Epaimahaia eta sariak

Besteak beste, Kultura Batzordeak, herriko artistek eta herri eskolako irakasleek osatuko dute epaimahaia. Lanak jaso eta aste horretan erabakiko ditu epaimahaiak lan sarituak. Kartel irabazleak udalaren esku geratuko dira eta aurkeztutako lan guztien argitarapen eskubideak izango ditu.

Adinaren arabera, orotara, bost kategoriatan ebaluatuko ditu epaimahaiak lanak: 2-5 urte bitarteko haurren lanak, Lehen Hezkuntzako lehenengo eta hirugarren maila bitarteko ikasleen lanak, Lehen Hezkuntzako laugarren eta seigarren maila bitarteko ikasleen lanak, 12-15 urte bitarteko gaztetxoen lanak eta 16 urtetik gorako helduenak. Lehenengo hiru kategoriatako irabazleek opari bana jasoko dute, 12-15 urte bitarteko irabazleak 60 euro eta 16 urtetik gorakoak 150 euro.

Parte-hartzaile guztien lanak ikusgai egongo dira udaletxeko sarrera nagusian otsailaren 13tik 20ra.