Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politika sailburuak eta Miren Vives Cristobal Balenciaga Museoko zuzendariak Kultura Sailak duela gutxi eskuratutako dokumentu-funts bat aurkeztu zuten atzo Euskadiko Artxibo Historikoan. Bertan, Parisko Balenciaga Etxeak 1940 eta 1960 urteen artean landutako materiala dago, 13×21 cm-ko 8.362 dokumentu hain justu.

Dokumentu horien artean daude bildumako lan-bozetoak, aurretiko ideien bozetoak, aurkezpenetarako bozetoak, antzerkirako figurinak, kapelagintzari eta osagarriei buruzko bozetoak, lan-aginduak eta eskuz idatzitako hainbat dokumentu, eta marrazki zein dokumentu pertsonal batzuk. Ohartarazi dutenez, bozeto bat ere ez dago egiletza norena den jakiteko moduan sinatuta baina, egindako azterketen arabera, bildumaren %18an Cristobal Balenciagak eskuz egindako oharrak eta marrazkiak daude, gehienak lantegiko bozetoetan.

 

Eusko Jaurlaritzak eskuratutako artxiboa Lorenzo Riva diseinatzaile italiarrarena zen. Balenciaga enpresako zuzendari artistiko gisa aritu zen bera 1980tik 1982ra eta, saltzeko negoziatzen ari zirenean, enpresatik ateratzeko, kalte-ordain ekonomikoa eta materiala negoziatu zituen. Azken hori da, hain zuzen ere, euskal erakundeak erositakoa.

“Ondarearen aberastasuna”

Zupiria sailburuak bilduma horren balio dokumentala eta ondarezkoa azpimarratu zuen atzoko aurkezpenean: “Erosketa horrek Euskadiko dokumentu-ondarea aberasten du. Dokumentu-funts honek Getariako jostunaren lan egiteko modua eta joskintza-tailerretako lan-prozesua ulertzen lagunduko digu”. Era berean, XX. mendearen erdialdeko gizartearen zati baten testigantza dela gaineratu zuen.

Vivesen ustez, berriz, “erosketa honekin, Balenciaga Museoari lotutako dokumentu-ondarearen erreferentzialtasuna eta nazioarteko proiekzioa sendotu eta indartzen da”. Izan ere, Zupiriak gogorarazi zuenez, esku publikoetan egongo den tamaina honetako lehen bilduma izango da, gainerakoak Balenciaga Paris markarenak baitira. Material horri esker, “ikerketa-ildo garrantzitsuak ireki” eta Balenciagaren sormen prozesuaz gehiago ezagutu daitekeela ere uste du Vivesek.

Etorkizunean, museora

Gaur-gaurkoz Euskadiko Artxibo Historikoan dago dokumentazioa baina, aurrerago, Cristobal Balenciaga Museora ekarriko dute. Kontserbazio eta inbentario prozesuaren baitan, digitalizatu egingo da materiala eta papera kontserbatzeko euskarri egokietan gordeko da. Horrez gain, funtsa behin-behinean siglatu egingo da eta bere azterketa eta katalogazio lanei ekingo zaie.

Iragarri dutenez, funtsaren zati bat museoan bertan emango dute ezagutzera udaberrian.

 

Argazkiak: Irekia.