Ondarroa 12 milia eta Bizilur elkarteek landutako Itsasoiko, itsasotik sasoikoa dokumentala aurkeztuko dute gaur, urtarrilak 25, Iturzaeta Herri Eskolako aretoan. 19:00etatik aurrera egingo duten proiekzioak Euskal Herriko artisau arrantzaren eta elikadura burujabetzaren garrantzia azpimarratzea du helburu.

Egileek aitortu dutenez, “Euskal Herria Kantauri itsasoari eta arrantzari estu lotutako herria da. Itsasoa gure historiaren, gure kulturaren eta gure nortasunaren parte izan da betidanik, baina kostaldeko herrietan, garai zaharrak bizi izan dituztenek esaten dutenez, arrantza-portuen inguruan sortzen den bizimodua oso bestelakoa zen lehen”. Hala, teknologiaren garapenaren eta arrain-industriaren ereduaren ondorioz, gutxi dira egunero itsasora irten eta arrainak banaka, eskuz, arrantzatzen dituzten ontziak.

Arrantza mota hori gure gizartearen, kulturaren eta ondarearen zati ere badela kontuan hartuta, hainbat galdera luzatuko dizkie dokumentalak bertaratutakoei, besteak beste, arrantzarik gabeko Euskal Herria nolakoa litzatekeen edo nolakoak liratekeen gure arrandegiak bertako arrainik gabe. Gainera, aurrera begira, gutako bakoitza, modu aktiboan, egiteko prest legokeenaren inguruko gogoeta mahaigaineratuko du honelako galderekin: “elikadura burujabetzak herriaren nortasunaren, lan eremuaren, ingurunearen eta jarduera jasangarriaren aldeko apustua bermatzen duela jakinda, nolako erosketa egingo dugu hurrengoan arrandegian? Ekimenen bat bultzatzekotan, parte hartuko al genuke? Zein litzateke ekimen egokia gure herrian?”.