Aita Mari ontziari espediente bat ireki dio Valentziako Itsasoko Kapitaintzak, itsasoko zazpi lege hautsi dituela egotzita. Isun guztiak batuz, orotara, milioi bat euro inguru ordaindu beharko lituzke Itsas Salbamendu Humanitarioaren Elkarteak. Leporatzen zaizkien lege hausteen artean honakoak daude: ontziko langileen lanorduen eta atsedenen erregistrorik ez izatea; bidaia planik ez izatea; bi salbamendu txalupa berehala eskuragarri ez izatea; eta tripulazioak ez jakitea zer egin behar den larrialdi kasuetan.

Iñigo Mijangos eta Isa Egiguren Aita Mariko kideek jakinarazi dutenez, Itsas Salbamendu Humanitarioa gobernuz kanpoko erakundeak alegazioak aurkeztuko dizkio zigor espedienteari. Adierazi dutenaren arabera, jasotako espedientea 2020an Palermon (Sizilia, Italia) egindako ikuskapen baten ondorioa da. Orduko hartan, hainbat irregulartasun tekniko eta operatibo aurkitu zituztela argudiatuta, Italiako Gobernuak salbamendu ontzia 49 egunez eduki zuen portuan, geldiarazita. Mijangosek eta Egigurenek ukatu egin dute arazoa ontziaren segurtasunarekin lotuta zegoenik eta salatu dute “kanpaina politiko” baten ondorioa izan zela.

Prozesu hark, ordea, bere bidea jarraitu du. Hala, Espainiako agintariek prozedura administratiboa abiatu zuten eta atzo, ia hiru urte geroago, zigor espedientea zabaldu zuten.

Jakinarazi dutenez espedientea ireki izanak ez du zertan oztopatu Aita Marik aurki abiatu asmo duen erreskate misioa. Valentziako (Espainia) Burriana portutik atera nahi du Mediterranoan erreskate lanak egiteko; asteartean ikuskatuko dute ontzia. Mijangosek eta Egigurenek espero dute ontziak arazorik gabe itsasoratzeko modua izatea.

EAJ eta EH Bildu azalpen eske

Zigorra 2020an Palermon gertatu ziren ekintza batzuen baitakoa izanik, EAJk galdegin dio Espainiako Gobernuari zergatik erabaki duten espedientea orain irekitzea. Era berean, galdetu dio ea nola izan litezken egiazkoak espedientea irekitzea eragin zuten gertakariak “aste batzuk lehenago Espainiako Estatuko portu batean konponketak egin eta Espainiako itsas agintariek ikuskapena egin ondoren abiatu bazen ontzia”. EH Bilduk ere Raquel Sanchez Garraio, Mugikortasun eta Hiri Agendako ministroaren agerraldia eskatu du gaiaren inguruan azalpenak eman ditzan.