Aintzane Oiarbide Bide Azpiegituretako diputatuak aurreratu duenez aurten bertan hasiko dituzte Zarauzko saihesbidea eraikitzeko lanak. Diputatuaren hitzetan, saihesbide berriak “industria-guneetara joateko herria alderik alde zeharkatzen duen trafiko astuna erdigunetik aterako du eta autobideaz bestalde dauden industria jarduerei bultzada emango die, sarbideak erraztuko baitira”. Zarauzko mugikortasuna “nabarmen” hobetuko dela eta herria “seguruagoa” izateaz gain, “ekonomikoki, lehiakorragoa” izango dela gaineratu du Oiarbidek.

Diputatuen Kontseiluaren onarpena jasota, lizitazio prozesua zabalduko dute eta lanak aurten bertan hastea aurreikusi dute. Proiektuak 9.767.654,32 euroko aurrekontua du eta exekuzio epea 18 hilabetekoa da. Saihesbide berria 2021eko martxoan Frantsesbidea kaletik herrira sartzeko egindako bideari lotuko zaio. Errotaberri eta Aritzbataldeko herrigunea lotu ziren orduan, Frantseskuako kaxa berritu zen eta Aitza auzoko bidearekiko lotura egin zen.

Lanon xehetasunak Xabier Txurruka Zarauzko alkatearekin batera eman ditu Oiarbidek. Txurrukak erakundeen arteko azken hilabeteetako lankidetza aipatu eta foru diputatuari eskerrak eman dizkio “hartutako konpromisoa betetzeagatik” eta “proiektua lehenbailehen gauzatu ahal izateko” udalaren baliabide guztiak eskaini dizkio.

Erdigunean trafikoa murriztea helburu

Saihesbide berriaren eginkizun nagusia Zarauzko erdigunean sartzen den trafikoa murriztea da. Oiarbidek zehaztu duenez, saihesbide berriari esker, AP-8 autobidetik eta, Orio aldetik, N-634 errepidetik datozen hainbatek “ez dute aurrerantzean udalerria zeharkatu beharko”. Hala, “trafiko astuna erdigunetik aterako da eta, horrekin batera, trenbidearen eta autobidearen arteko auzuneko bizilagunak modu zuzenagoan sartu ahalko dira auzora”. Horrez gain, industrialdeak sortzen duen trafiko guztia xurgatzea du xede.

Azpiegitura berriak bi errei izango ditu (bana norabide bakoitzean), 1.560 metro luze eta hiru biribilugune. Astiko egungo biribilgunea moldatu egingo da eta elipsi forma hartuko du, adar berriari leku egiteko. Hortik, adar berri hori Bidegiko instalazioen atzetik igaroko da, bi noranzkorekin, eta autobidea azpitik pasatuko du, Sarobeaundira arte. Biribilgune berri bat egingo da han, hiru adarduna, Buztinzuriko biribilgunera arte. Adarretako batek saihesbidea Zarauzko herrigunearekin lotuko du Buztinzurin, gaur egun eraikia dagoen autobide azpiko pasabidearen bitartez.

Saihesbidearen proiektuan aurreikusita dago AP-8 autobidean, Donostiarako noranzkoan, Zarauzko irteera hobetzeko Bidegik egingo dituen lanak. Horretarako, besteak beste, albo batean dagoen pabilioiaren zati bat eraitsiko dute eta Buztinzuri azpiko pasabidea zabaldu egingo dute.

Irudia: Gipuzkoako Foru Aldundia