Garaiotan, arrazoi desberdinak medio, energiaren gaiak herritar ugariren interesa eta kezka pizten ditu. Horren adierazle da herrian Itsasargi Energia Berriztagarrien Komunitatea sortu izana eta joan den larunbatean egindako aurkezpen ekitaldiak sortutako ikusmina. Izan ere, Berdura plazan jarritako ia aulki guztiak bete ziren eta bertaratuek interes handiz jarraitu zuten ekitaldia.

Mikel Muñoa Itsasargi Energia Berriztagarrien Komunitateko kidea izan zen hitza hartzen lehena. Hala, bere esanetan, komunitatearen lehenengo urratsa herritarrak edota komunitateko kideak hausnarketara bideratzea izango da: “Zenbat kontsumitzen dugun, zenbat behar dugun eta, beraz, zenbat aurreztu dezakegun eta ekoizpena nola eta nondik ekoiztu dezakegun hausnartzera gatoz lehenik”. Komunitateari kooperatiba egitura eman diote eta herritarrez gain, bazkide egin daitezke herriko elkarteak, enpresak nahiz tokian tokiko bestelako eragileak.

Komunitateak dituen erronka eta helburu ugari zerrendatu zituen Muñoak. Besteak beste, energiaren alorrean herritarrak “ahalduntzea” eta larrialdi klimatikoari aurre egitea. Azken horri dagokionez, honakoa gaineratu zuen: “Gauza oso potoloa da, ematen du ezin dugula ezer egin baina gu, gure mailan, saiatu egingo gara, behintzat”. Horrez gain, energia burujabetzaren bidean urratsak ematearekin batera, berdintasun soziala sutatuz, herritarren energia pobreziari aurre egitea da komunitatearen erronketako beste bat. Aurrerapausoak eman ahal izateko, ordea, ahalik eta herritar gehienen parte hartzea ezinbestekoa dela azpimarratu zuen Muñoak. Hala, NAN zenbakia ematea eta hamar euroko sarrera bat ordaintzea nahikoa da komunitateko bazkide bihurtzeko. Horrez gain, faktura bat ekartzea eskatzen zaie interesatuei, jakiteko zenbatekoa den bazkide bakoitzaren energia kontsumo-maila eta horrela, “kooperatibista guztion artean zenbat kontsumo kontrola dezakegun ikusi dezakegu”.

Dagoeneko, komunitatea hasi da etorkizunean egingarri izan daitezken proiektuak lantzen. Hala, Muñoak azaldu zuenez, “eguzki plaken bitartez, energia elektriko berriztagarrien autoekoizpena sustatu nahi dugu eta horretarako gure teilatuen zentsu txiki bat egiten hasi gara, ikusteko ea zeintzuk diren egokienak”. Horrez gain, energia arloan formakuntza eman asmoz, hitzaldi-saioak egitea aurreikusten dute, baita aholkularitza ematea ere.

Esperientzia trukaketa

Bertaratuek inguruko zenbait herritan sortzen ari diren egitasmoen berri ere izan zuten. Zehazki, bi esperientzia desberdin ezagutzeko parada izan zuten. Lehena, Iparraldean, Donibane Garazi eta Baigorri inguruan, basoak kudeatzeko antolatu den Sugarai kooperatibarena izan zen. Bideo baten bitartez, basoetako egurra erabiliz sortu duten berotze sistemaren nondik norakoak azaldu zituzten Sugarai kooperatibako kideek.

Bigarren esperientziaren inguruko azalpenak, berriz, zuzenean jaso zituzten getariarrek. Hain justu, Gurutze Etxezabal Orexako alkatearen eta Orexako Energia Berriztagarrien Komunitateko kidearen eskutik. Intza Gurrutxagak gidatuta, besteak beste, euren komunitatearen funtzinamendua nolakoa den, egun dauden egoerara iristeko zein pauso eman behar izan dituzten edota energia komunitateak herriari zein ekarpen egin dizkion kontatzen aritu zen Etxezabal.

Orexako Energia Berriztagarrien Komunitatea izan da Gipuzkoan sortutako lehena. 2019an hasi zuten prozesua, baina komunitatea 2021ean eratu zuten. Etxezabalen esanetan, “ibilbidea gorabeheratsua izan da” eta “gu Iberdrolarekin topatu ginen. Iberdrolarekin harremana, burokrazia eta lanketa, egia esanda, nahiko infernu izan da eta zailtasunak izan ditugu”. Hala, gaur egun, eguzki plaken bitartez, herrian behar den energiaren %70a eurek sortzen dute.

Energia komunitateak herritarrei ematen dien aurrezteko aukeraren gainetik, beste abantaila batzuk azpimarratu zituen orexarrak: “Onura ekonomikoa da aurrenekoan denok ikusi nahi duguna, fakturan aurrezkia ikusi eta, behintzat, kostua gora eta gora dihoan garaiotan antzematea zerbait aldatzen ari dela edo aurreztea lortzen dugula. Baina, azkenean, energia komunitateak ematen digun onura nabarmena da energia bezalako oinarrizko lehengai bat gure herrietan eta guk kontrolatutako eremu batean sortzea. […]. Horrek ematen digun aukera da guk erabakitzea zenbat ekoiztu nahi dugun, nola banatu nahi dugun ekoiztutakoa, aurrera begira zein proiektutan murgildu nahi dugun, zeinetan ez eta nolako herri eredua garatu nahi dugun”.

Energia komunitateak aurrera egingo badu, herritarren parte hartzea “ezinbestekoa” dela adierazi zuen Etxezabalek eta zentzu horretan, askotan, herritarren aktibazioa eta parte-hartzea sustatzea erronka handiak direla gaineratu zuen. Energiaren banaketa sistemari dagokionez ere, Orexako Energia Berriztagarrien Komunitateak berak erabaki du nola egin. Hala, “herriko enpresei hiru aldiz aurrezki handiagoa ematea erabaki zen eta herriko pertsona zaurgarrienei ere laguntza handiagoa ematen zaie”. Etxezabalen hitzetan, “familia normal batek hileroko fakturan 20 euro inguruko aurrezkia jasoko luke, familia zaurgarri batek 60 eurotik gorakoa eta enpresen kasuan, aurrezpena askoz handiagoa izango litzateke”.

Gaur-gaurkoz, energia berriztagarri guztia eguzki plaken bitartez lortzen dute Orexan. Aurrera begira, plaka gehiago jartzeko asmoa dutela aitortu zuen Etxezabalek. Baina horrez gain, “hurrengo erronka izango genuke beroarena. Ari gara aztertzen bero-sare bat osatzea herrian. Oraindik, ordea, proiektua lantzen ari gara”. Helburua herriko etxebizitza eta eraikin guztietan “pellet” sistema jartzea eta bertako basoetan lortzen duten egurrarekin beroa sortzea litzateke.

Galderak eta ekarpenak

Galderen txandari zukua atera zioten getariarrek. Zalantza eta kezka ugari planteatu zituzten eta euren jakin-mina asetzeko aukera ere izan zuten. Besteak beste, dirulaguntzarik jaso duten galdetu zioten Etxezabali eta hark garbi adierazi zuen energia berriztagarrien inguruan, egun, laguntza handiak daudela: “Proiektuetarako lortu izan ditugu %50 eta %80 bitarteko dirulaguntzak”. Goienerreko bazkide izan gabe energia komunitatean parte hartzeko aukerarik baden galdetuta, baiezkoa erantzun zuen orexarrak. Hala ere, hornitzaile modura Goiener hautatuz gero, datu bilketa errazagoa dela gaineratu zuen, “Iberdrolarekin harremanak askoz ere hurrunagoak eta zailagoak dira”.

Besteren batek kontsumoa murriztearen inguruan zein hausnarketa egin dituzten jakin nahi izan zuen. Izan zen udalean gobernu aldaketaren bat egongo balitz horrek komunitatean nola eragingo lukeen kezkatuta galdegin zuenik ere.

ARTZAPE aldizkariko otsaileko alean izango duzue Itsasargi Energia Berriztagarrien Komunitatearen inguruan gehiago ezagutzeko aukera.

 

Lotutako albisteak: