Maiatzeko udal- eta foru-hauteskundeen harira, ekitaldia antolatu zuen Getariako EH Bilduk igandean, Berdura plazan. 80 herritar baino gehiago bildu ziren bertan, Haritz Alberdi Getariako EH Bilduren alkategaiaren eta Maddalen Iriarte Gipuzkoako ahaldungaiaren arteko solasaldia entzutera.

Ekitaldiaren helburua, hain zuzen ere, Getariak eta Gipuzkoak dituzten erronkei erantzuteko EH Bilduk zer proiektu dituen aurkeztea izan zen. Hala, Maddalen Iriartek EH Bilduren egiteko modua nabarmendu zuen, herritarrekin lankidetzan arituz, eta, beraz, eredu hori Gipuzkoako Aldundira eramateko nahia agertu zuen. Horrez gain, adineko pertsonen zaintza jarri zuen mahai gainean, eta arlo horretarako dituzten asmo eta proposamenen berri eman zuen. Azkenik, Gipuzkoak bestelako errealitate instituzional bat behar duela, eta jauzi hori emateko prest gaudela adierazi zuen.

Haritz Alberdi egungo alkatea, bestalde, gazteen emantzipazioaz aritu zen, eta etxebizitzen arloan hurrengo legealdirako zer proiektu dituzten azaldu zuen, hala nola babes ofizialeko etxeak Potzuagan, alokairu dotazionalak Euskaltxetan, eta herrian dauden etxe hutsak merkaturatzea. Herritarren ongizateari ere erreparatu zion, hala nola, 65 urtetik gorakoentzat aterako den diru-laguntza berria. Azkenik, energia eta klimaren inguruan Udalean ematen ari diren urratsak aipatu zituen, Udal instalazioen hornikuntzarako eskolan jarri diren eguzki plakei eta Komunitate energetikoa jarraitu beharreko eredu bezala jarriz.

Solasaldiaren amaieran, herritarrek hitza hartzeko aukera izan zuten, eta bi hautagaiak haien kezka eta zalantzak argitzen ahalegindu ziren.