Asteburuko lasterketen ostean, nekatuta baina lortutakoarekin oso gustura dagoela aitortu dio ARTZAPEri Irati Idiakezek. Ez da gutxiagorako, izan ere, getariarrak Snowboard egokituko munduko bi txapelketatan zilarrezko eta urrezko dominak lortu ditu. La Molinako eski-estazioan (Girona) jarraitzen du eta, banked slalom modalitatean, gaurtik ostiralera, denboraldiko azken munduko txapelketatan parte hartuko du.

Emaitza bikainak lortu dituzu asteburuan, gustura al zaude?
Bai, oso gustura eta oso pozik. Banakakoan [larunbateko lasterketan], hasieran kristoren amorrua sentitu nuen, ze hortxe neukan aurkaria [Monika Kotzian poloniarra]. Aurreko egunean erlojupeko jaitsierak egin genituen eta irabazi egin nuen, beraz, aukerak banituen. Baina bueno, ez zen atera eta bigarren postua ere oso ona da. Hasieran amorrua sentitu nuen, baina gero egindakoa kristorena izan zela konturatu nintzen. Azkenean, mundu mailan egindako aurtengo nire aurrenengo txapelketa izan da.

Hurrengo egunean, urrea lortu genuenean… ikaragarria izan zen. Asko pentsatu genuen zein estrategia jarraitu eta nik baneukan aurrena egiteko esperantza. Baina gauza bat da esperantza izatea eta bestea da benetan pentsatzen duzuna, eta nik pentsatzen nuen ez genuela aurrena egingo. Baina begira, lortu genuen eta oso oso gustura nago. Berari ere esan nion, urrea nik bakarrik lortzeak baino ilusio gehiago egin zidala Raquelekin lortzeak.

Nola sentitzen zara fisikoki eta mentalki?
Oso indartsu sentitzen naiz. Urte honetan, snowboarda ez dut asko egin baina fisikoki entrenatzen aritu naiz eta mentalki ere asko entrenatu naiz. Orduan, indartsu sentitzen naiz eta oso pozik nago. Teknika asko dauzkat emozio desberdinak gestionatzeko. Edozein momentutan, frustazioa edo beldurra sentitzen duzunean horri buelta ematen ikasten baduzu, askoz errazagoa da aurrera jarraitzea.

Esperotako emaitzak izan al dira?
Hona etorritakoan nire helburua zen disfrutatzea, jaitsierak osorik bukatzea eta egindakoarekin gustura gelditzea. Jaitsierak egiten hasi ginenean, ongi sentitu nintzen eta ikusi nuen banituela aukerak.

Horrelako asteburuek lanean jarraitzeko indarra emango dute, ezta?
Asko. Kirolaria izateko motibazioa kristoren garrantzitsua da eta horrelako sariek asko motibatzen zaituzte, aurrera segitzeko indarra ematen dizute.

Asteburuko ajearekin egongo zara oraindik, baina hala ere, lanean jarraitu behar
Denek astelehenean atsedena hartu zuten, baina guk entrenatu egin genuen. Gainera, erori egin nintzen. Malda handiko jaitsiera batean, izotza zegoen eta taulak ihes egin zidan. Ezin gelditu ibili nintzen, bueltaka eta bueltaka. Orain, aurpegian arrastak ditut, izotzarekin eginda. Baina ondo nago, bizirik –dio barre artean–.

Hilabete bukaeran amaituko duzu denboraldia. Bitartean, zein lasterketa gehiagotan parte hartuko duzu?
Gaur banked slalom modalitateko lasterketa daukagu. Berez, gaur erlojupeko jaitsierak, bihar finalak eta etzi taldekako lasterketak egin behar genituen. Baina, bero egiten duela ikusita eta elurrak ez dakigunez zenbat iraungo duen, gaur egingo ditugu erlojupeko jaitsierak eta finalak, biak batera. Taldekakoa ez dakitu bihar edo etzi egingo den, edota ez den egingo.

Gero, elur gutxigatik bertan behera geratzen ez bada, asteburu honetan, Espainiako Txapelketak jokatuko dira Sierra Nevadan. Gu La Molinan gaude eta hemengo lasterketak ostiralean bukatuko ditugu. Orduan, ez digu larunbaterako Sierra Nevadara joateko denborarik ematen. Beraz, gaur eta ostirala bitarteko lasterketak izango dira denboraldiko azkenenengoak.

Baquierara itzultzen garenean pixka bat denetarik egingo dugu. Pistetara goizo igoko gara, elurra pixka bat gogorrago aurkitzeko eta jende gutxirekin egoteko. Horrela, abiadura handiagoa hartu ahal izateko.

Argazkia: CDIA

 

Lotutako albisteak: