Bolada onak ez du etenik Irati Idiakezentzat, horren erakusle atzo lortutako garaipena. Izan ere, La Molina (Girona) eski-estazioan jokatzen ari diren Snowboard Egokituko Munduko Txapelketako hirugarren domina eskuratu du getariarrak.

Banked slalom modalitatean lehiatu zen atzokoan Idiakez eta Peggy Martin (1964) snowboarder estatubatuarraren aurka finala irabazita, podiumeko lehen postua erdietsi du. Lortutako garaipena historikoa izan da, izan ere, lehen aldia da snowboard egokituko Espainiako taldeko kide batek Munduko Txapelketako banakako proba batean urrea lortzen duena.

Gaur taldekako proban parte hartu du Idiakezek Raquel Martinezekin batera. Igandean bikoteak urrea lortu zuen, baina gaur ez dute podiumean sartzerik lortu. Laugarren postuan geratu dira eta nahi bezalako emaitza lortu ez arren, ingurukoen hitzetan, gozatu egin dute. Hala, getariarrarentzat gaurkoa izan da aurtengo denboraldiko azken Munduko Txapelketa.

Argazkia: CDIA

Lotutako albisteak: