Arraunzaleek eta pilotazaleek hitzordu banaz gozatzeko aukera izango dute datorren igandean, martxoaren 19an. Izan ere, Gipuzkoako Batel Ligako zazpigarren jardunaldiak eta XLIII. Eskuz Banakako Pilota Txapelketako finalak jokatuko dituzte Getarian.

10:30ean hasita, Gipuzkoako Batel Ligako estropadak izango dira. Orotara, ia 80 ontzi uretarako dira –tartean, lau getariarrak–. Getariako batelen artean, bat Infantil mailan lehiatuko da eta beste hirurak promesa mailan. Infantil neskei dagokionez, horiek hamargarren postuan daude, promesa neskak hamahirugarrenean eta promesa mutilen artean, A ontzia bosgarren eta B zortzigarren. Sailkapen orokorrak kontsultatu nahi izanez gero, klikatu hemen.

11:30etik aurrera, berriz, herriko pilotari gatetxoen partidak izango dira frontoian –eguraldi txarra eginez gero, kiroldegian–. Hain justu, Gure Txeruko pilota eskolako haurrek banakako finalak jokatuko dituzte. Txiki eta kimu maila bitarteko bost partida izango dira guztira: kimu A mailan, Unax Zulaika vs. Lier Esteban; txikien mailan, Ekhi Aranburu vs. Martin Fleischmann; benjamin B mailan, Lander Lasarte vs. Julen Segurola; benjamin A mailan, Peru Aranberri vs. Unai Aranguren; eta kimu B mailan, Ur Aizpurua vs. Amets Larrañaga.