Bazterkeria arrisku arin edo moderatuan dauden adinekoak eta adin txikikoak artatzeko zerbitzua hobetzeko helburuarekin, Getariako, Zestoako nahiz Aizarnazabalgo udalek lankidetza hitzarmena jarri dute abian. Hiru udalerrietako udal ordezkariek gaur goizean eman dituzten egitasmoaren inguruko xehetasunak Zestoako udaletxean eta nabarmendu dutenez, egungo gizarte “gero eta konplexuagoari” erantzun asmo dion proiektua da.

Haritz Alberdik azaldu duenez, hiru udalerrietako gizarte teknikariek egindako proposamena izan da proiektuaren abiapuntua –Getariak eta Aizarnazabalek gizarte teknikaria partekatzen dute–. Orain arte, hiru udalerriek bakarka emandako zerbitzua izan dela gogorarazi du Alberdik, “baina behar handiagoa zegoela ikusita”, zerbitzua indartzeko erabakia hartu dutela gaineratu du. Ildo beretik mintzatu da Mikel Arregi Zestoako alkatea ere: “Lehen, herri bakoitza geure aldetik genbiltzan. Horrek, kudeaketa aldetik, halako gabezia edo hutsune batzuk sortzen zizkigun. Txikiak izanagatik ere, hiru herriok elkar hartuta garbi dago beste aukera batzuk ditugula eta kudeaketa hobetzeko aukera daukagula”.

Biztanle kopuruari eta ezaugarri soziologikoei dagokionez, Getaria, Zestoa eta Aizarnazabal antzeko herriak direla nabarmendu du Arregik. Hala, zerbitzu horren garapena bideratzeko lanketa bateratu bat egitea posible ikusi dute eta horretan hasi dira. Bazterkeria egoeran dauden pertsonei begira, egitasmoaren helburu nagusiak bi dira: alde batetik, “pertsona horiek autonomiaz moldatzea, gizarteratzea eta familian nahiz komunitatean bizikidetza egokia izateko gaitasun pertsonalak, familiarrak edo taldekoak eskuratzea eta garatzea”; bestetik, “ohitura, portaera, pertzeptzio, sentimendu eta jarrera desegokiak egokiagoak direnengatik ordezkatzea”.

Etxeko hezkuntzan edo familian esku-hartu behar den kasuetan, zerbitzu horiek erabiltzailearen bizilekuan bertan emango dituzte. Kale heziketa edota gizarte eta kultur arloko bitartekaritza, berriz, komunitatean emango dute.

Bide berri baten hasiera

Elkarlanean emandako lehen urrats hau ibilbide luzeago baten hasiera izatea gustatuko litzaiokela azaldu du Zestoako alkateak: “Hastapen bat izan dadila beste hainbat gaietan ere hiru udalerriok elkarrekin aurrera egin ahal izateko”. Era berean, azpimarratu du lankidetza hitzarmen honek zerbitzua asko hobetuko duela eta “askotan, bakarrik gauza batzuk ezin dira egin, baina elkartuta bai”.

Hiru udalerrien artean Zestoa izanik handiena, zerbitzua bertako udalak kudeatuko du. Hala, hasiera batean, lizitazio bidez, bi urteko zerbitzu bat esleituko du Zestoako Udalak. Arregik aurreratu duenez, hauteskundeen ondoren jarriko dute prozesua abian. Era berean, “bi urte pasatzen direnean, zerbitzu horren balorazioa egin eta gero, erabakiko dugu kudeaketa ardura beste herri batek hartu edo Zestoak jarraitzea ardura horrekin”, dio Arregik.

Gauza berria izanik, udal bakoitzeko bi ordezkarirekin jarraipen batzorde bat ere osatuko dute. Hiru hilabetean behin, gutxienez, batzordea bildu egingo da eta zerbitzuaren nondik norakoak baloratuko dituzte.

Argazkia: Danbolin