Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak (UEMAk) batzar nagusia egin zuen larunbatean Azpeitiako Soreasu aretoan. Azkena mankomunitatera batzeko eskatutako lau udalerriei ongietorria egin zitzaien; Arrankudiaga-Zallo, Arruazu, Etxebarria eta Donezteberen sarrerarekin, 101 udalek osatzen dute egun UEMA, inoizko kopuru handiena.

Batzarraren ondoren, ekitaldia egin zuten UEMA 100 udal eta hamaika gehiago, bidea zabaltzen lelopean. Euskalgintzan erakundeetatik zein handik kanpo dabiltzan eragileek hartu zuten parte ekitaldian –tartean Getariako Udaleko ordezkariek– eta “erabilerari hauspoa emateko erronkari erabaki sendoekin eta elkarlanean” heldu beharko zaiola adierazi zuten.

Egungo UEMAko lehendakariak, Iraitz Lazkanok, hitza hartu zuenean, adierazi zuen “Euskal Herria euskalduntzeko bidean, pauso gehiago emateko harrobia” direla udalerri euskaldunak, eta euskara indartzeko aukera ez ezik, “bideak zabaltzeko ardura” ere badutela. “Baina horretarako behar dugu orube bat, euskara garatzeko aukerak, baita lege aldetik ere”, gaineratu zuen.

30 urtez euskarak izandako bilakaera soziolinguistikoa gogoratuta, aurrera begirako erronkak ezarri zituen: “Handitzen ari da ezagutzaren eta erabileraren arteko aldea eta hori, ezinbestean, irauli beharra daukagu, arrakala zabaldu ez dadin”. Udaletan oraindik zeregina egon arren, lehentasunak “beste eremu batean” daudela argitu zuen. “Kontziente izan behar dugu horretaz. Eta mugitu egin behar dugu: inertzia erdararen aldekoa da, eta egoerak mugitzea eskatzen digu, berandu izan baino lehen, eta euskara erabat bigarren mailakoa bihurtu baino lehen”, zehaztu zuen.

 

Argazkia: Alberto Beloki/UEMA