Getariako Udalaren historian lehen aldiz onartzen den Berdintasun Plana dela azpimarratuz hasi zuen bere hitzartzea Ane Loidi Berdintasun eta Ongizate zinegotziak: “Guretzat lorpen handia izan da”. Planak 2021ean zehar egindako diagnostikoa duela oinarri gogorarazi zuen Loidik. Prozesu horren baitan, 12 elkarrizketa saio egin zituzten eta horietan, lau udal ordezkarik, lau udal langilek eta perfil desberdinetako 27 herritarrek parte hartu zuten. Elkarrizketa horiez gain, herritarrei bideratutako galdetegia zabaldu zuten eta horren bidez, 73 herritarren erantzunak jaso zituzten. Hala, “eragileen eta herritarren parte hartzearekin osatutako plana” izan dela eta “datozen lau urteei begira udalaren bide orria” izango dela azaldu zuen Berdintasun eta Ongizate zinegotziak.

Plana lau ardatz nagusiren gainean egituratu dute: “Gobernu ona, emakumeen ahalduntzea, ekonomia nahiz gizarte antolakuntza eraldatzea eta indarkeria matxista”. Ardatz bakoitzaren baitan, datozen urteetarako 16 helburu eta horiek lortzeko 66 ekintza zehaztu dituzte. Ondokoak dira definitutako helburuetako batzuk: “Udal langile eta ordezkari politikoak berdintasun politikak garatzeko trebatzea, emakumeen ahalduntze pertsonala eta kolektiboa sustatzea edota herritarrak feminismoaren inguruan sentsibilizatzea nahiz trebatzea”.

Dagoeneko, plana abian da eta urtez urteko jarraipenaren bidez, helburu guztiak betetzen saiatuko direla azpimarratu zuen Loidik. 2023. urtea hastearekin batera, ordezkari politikoek eta udal langileek osatutako Berdintasunerako Talde Eragilea eratu du udalak. Hain zuzen, lantalde hori Berdintasun Plana garatzeaz arduratuko da. Jada, 2023ko ekintzak nahiz kronograma jasoko dituen gestio plana osatu eta zeregin bakoitzaren arduradunak zehaztu dituzte. Egitasmoaren lehen urratsetatik Emun aholkularitza taldea izan dute bidelagun eta aurrerantzean ere alboan izango dutela argitu dute.

Era berean, Berdintasun Planaren baitan garatuko den lehenengotariko ekintzari ere onespena eman zioten atzoko osoko bilkuran. Hain justu, emakumeen memoria historikoa berreskuratzeko genero ikuspegidun ikerketa bekaren oinarri arautzaileak onartu zituzten. Loidiren esanetan, “emakumeen historia behin ere ez da jorratu eta horrelako ekimen bat martxan jartzen den lehen aldia da. Helburua da emakumeek egin duten ekarpena eta historian izan duten lekua aztertzea”.

Alokairu publikoko etxebizitzak

Egun Eskualtxeta dagoen eremuan zuzkidura bizitokiak sustatzeko, Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailarekin izenpetu beharreko hitzarmenari onespena eman zioten gero. Haritz Alberdi alkatearen hitzetan, “legegintzaldi guztian zehar etxebizitza politika publikoak garatzea izan da gure lehentasunetako bat”. Besteak beste, Sahatsaga goiko etxebizitzak edota alokairua sustatzeko, Alokabiderekin egindako hitzarmena jarri zituen horren adibide modura.  

Jaurlaritzarekin elkarlanean, 2020az geroztik alokairu sozialeko etxebizitzak eraikitzeko lanean dabiltzala azaldu zuen Alberdik. Hain justu, Eskualtxetako eremuan egingo direnak lanketa horren emaitza dira: “Guztiak alokairuan eta jabetza publikokoak izango dira. Normalean bost urtetarako, baina gizarte zerbitzuen txosten baten bidez, luzatzeko aukera egongo litzateke”, dio alkateak. Egiten diren etxebizitzen %40a gazteen emantzipazioa erraztera bideratuko dute, beste %40a herritarren etxebizitza eskubidea bermatzera eta gainontzeko %20a tratu txarrak jasaten dituzten emakumeei edota behar bereziak dituztenei bideratuko diete. Alkateak argitu duenez, lehenengo bi bloke horietan herritarrek izango dute lehentasuna.

Aitor Urresti EAJko bozeramaileak herrian etxebizitza bat lortzeko dauden zailtasunak handiak direla gogorarazi eta “azkenengo urteetan, herrian dagoen jendea herrian ez bizitzea drama bat” bihurtu dela gaineratu zuen. Era berean, Udal Gobernuari zuzenduz eskatu zuen “hau lehen pauso bat da eta jarraipena eduki nahi dugu. Informazio guztia dagoenean eta lortzen denean, faborez, bidaltzea eskatzen dizuegu, honen gainean egoteko eta jakiteko proiektuaren nondik norako guztiak”.

Beste hainbat gai ere izan zituzten hizpide. Ohikoa ez bezala, ia eztabaidarik gabe eta ahobatez onartu zituzten bi alderdietako zinegotziek puntu guztiak. Aurrez aipatutakoak ez ezik, 2023-2024 aldiko dirulaguntzen plan-estrategikoa eta goi-mailako kirolairiei zuzendutako dirulaguntzak banatzeko oinarri arautzaileak ere onartu zituzten, besteak beste. Lehenengoari dagokionez, 2019. urtean egindako dirulaguntzen plana bukatuta, “plan-estrategiko berria martxan jartzea tokatzen” dela azaldu zuen Nahia Iturbe Ogasun zinegotziak. Aurrekoa baino plan motzagoa dela eta, soilik, pare bat aldaketa jasotzen dituela gaineratu zuen. Alde batetik, eragileen artean banatzeko 21.000 euro gehiago emango ditu udalak –aurten gainera bi eragile gehiagok jasoko dute dirulaguntza–. Iturberen hitzetan, “herriko eragileak indartzeko eta horiek dinamika bizi honetan duten garrantziagatik eta horrela jarraitu ahal izateko, dirulaguntza zuzenak emango dizkiegu”. Beste aldetik, 20.100 euro bideratuko ditu Getariako herri curriculuma idaztera.

Azaleko argazkia: Getariako Udala

 

Lotutako albisteak: