Laburbira egitasmoaren XX. edizioa Getariara ere iritsiko da. Hain justu, igandean, apirilaren 2an, Euskal Herrian eta euskaraz ekoiztutako zazpi film laburren emankizuna izango da Iturzaeta aretoan. Sarrerak aretoko leihatilan eskuratu ahal izango dira, egunean bertan eta hiru euroren truke. 19:00etan hasita, ondoko produkzioak izango dira ikusgai:

  • Muskil: Ixabel eta Pedro Muskil baserrian bizi diren agure bikotea dira. Ixabelek baserriko lanak egiten pasatzen ditu egunak, Pedrok, aldiz, tabernan. Ixabeli gero eta gehiago kostatzen zaio bizimodu horrekin jarraitzea eta, gainera, Pedroren tratu txarrak jasan behar ditu. Egun batean, Luisa, maistra berri gaztea, ondoko baserrira etortzen da bizitzera. Ixabel eta Luisaren arteko harremana estutzen doan heinean, Pedroren tratu txarrak gora egiten dute.
  • Olatuen isiltasuna: Urtero urtero Lekeitioko kaleetatik ibilbide berdina egiten du protagonistak zerbait edo norbait bilatzeko asmoarekin.
  • Irrits: Izaro eta Clara, 17 urteko bi neska nerabe, begirale lanetan ari dira haurrentzako udalekuetan. Egun berotsu batean, Clarak irrikaz musukatzen du laguna. Izaro, grinak itsututa, noraezean dabil gertatu zaiona kudeatu nahian, baina prest dago Clarari jarraitzeko, hark nahi duen eremura.
  •  Koadro goriari heldu: Herminia, 91 urteko andre bakartia, egoitza batean bizi da. Ez du inorekin harremanik, zentroko langile bat harengana hurbiltzen saiatzen den arte.
  • Asko falta da: Neska gazte bat asteburu pasa doa lagun talde berri batekin. Egun batetik bestera, gau bakar batean, dena aldatuko da.
  • Erlojupekoa: Astronautaz jantzitako rider bati enkargu bat jasotzeko mezua iristen zaio. Paketea motxilan, riderrak esleitutako misioa hasten du bideojoko baten pertsonaia balitz bezala, ibibidean topatzen dituen oztopoak ahal bezala sahiestuz. Lortuko al du bere misioa betetzea erlojupekoa amaitu baino lehen?
  •  Hitzak: 1966, Ipar Euskal Herriko Bizkarsoro izeneko herrixkan, lau neska gaztek lurperaturik diren hitzak atzematen dituzte. Michellek, 21 urteko gazteak, ez ditu ulertzen. Familian aspaldian galdu zuten hizkuntzan idatziak dira.

Euskaltzaleen Topaguneak martxan jarritako ekimena da eta helburua du gaur egungo euskal zinemagintzaren ispilu izatea. Sustatzaileen hitzetan, “eduki eta estilo guztietako filmak biltzen ditu” Laburbira 2023 zirkuitu ibiltariak.