Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Surfrider GKEak lankidetza hitzarmena sinatu dute. Akordio horren helburua da Gipuzkoako kostaldean dauden itsas hondakinak aztertzen jarraitzea eta, GKEaren bidez, herritarrak arazoaren inguruan sentsibilizatzea eta ohitura onak sustatzea. Xavier Curto Surfrider España GKEko koordinatzailearen hitzetan, “Surfrider erakundearentzat garrantzitsua da hainbat urtetako lankidetza honekin jarraitzea; izan ere, haren bidez Gipuzkoako lurraldean hezten, sentsibilizatzen eta datuak biltzen jarraitu dezake gure erakundeak”.

Hitzarmen berrian, 30.000 euro inbertitu ditu Foru Aldundiko Ingurumen Departamentuak. Azaldu dutenez, akordioak hiru ardatz nagusi ditu. Horien artean, Kostaldea eta zu zeharkako hezkuntza proiektuan jarri dute azpimarra. Berritasun gisa, aurtengoan, “zientziabilizazioa” landuko du Surfriderrek proiektu horren baitan. Hala, zientzian oinarritutako zenbait prestakuntza teoriko-praktiko emango dituzte.

Bigarren ardatza OSPAR kanpainetan oinarrituko da. Gipuzkoako kostaldean hondakin bilketak egin eta hondakin horiek kategorizatu eta analizatu egingo dituzte. Itsas zaborren monitorizazio zientifikoa egingo dute eta hain justu, Orrua (Getaria), Alkolea (Mutriku) eta Murgita (Donostia) hondartzak monitorizatuko dituzte. Hondartzetan ez ezik, ibaietan ere esku hartuko dute. Zehazki, zabor bilketa bat egingo dute Orioko itsasadarrean, maiatzaren amaieran.

Ikastetxeetan egingo dituzten ingurumen hezkuntzari buruko hitzaldiak dira hirugarren ardatza. Sentsibilizazioa helburu, Zumaiena Ikastetxean eta Mutriku BHI institutuetan egingo dituzte. Hitzaldien ondoren, bertako hondartzetan hondakinak bilduko dituzte.

 

Argazkia: euskadi.eus