Eskualdean, zaintza arloan dauden beharrei erantzuteko helburuarekin, 2022ko abenduan jarri zuen abian Zaindu Urola Kosta ekimena Urola Kostako Udal Elkarteak. Aurreikuspenen arabera, datozen urteetan mendekotasun-tasak gora egingo du eta, ondorioz, zaintzari lotutako enpleguek ere bai. Hala, emango den zaintza zerbitzua kalitatezkoa izatea garrantzitsua dela iritzita jarri zuten martxan aipatutako egitasmoa.

Orain, programa horren baitan, Zaindu lan poltsa sortu dute, zaintza sektoreko eskaintzak kudeatzeko eta bertan lan egin nahi duten langileek lan poltsan izena emateko. Lan poltsa sortzearen xedea “sektorean dauden eskaintzei ahalik eta erantzun azkarrena eta hoberena ematea” dela azaldu dute Udal Elkartetik.

Zaintzaileak behar dituzten familiek zein erakundeek edota zaintza sektoreko eskaintzetan parte-hartu nahi duten langileek eman dezakete izena lan poltsan. Horretarako, bi bide daude: 943 89 08 08 telefono zenbakira deituta edota lanpoltsa@urolakosta.eus helbidera idatzita.

Behin izena emanda, eskaintzak kudeatzeko unean, zaintzaileek lehentasuna izango dute. Hori horrela, eskaintza bat dagoenean, posta elektroniko bitartez jasoko dute horren berri, baita lanpostu horretan izena emateko nondik norakoak ere.