Urtero lez, argi orduak luzatzen hastearekin batera, astean pare bat egunez esku pilotako partidek hartuko dute Getariako frontoia. Izan ere, laster hasiko da aurten mende laurden beteko duen Salbatore Txapelketa. Gure Txeru Elkartetik jakinarazi dutenez, interesatuek gaurtik hilaren 20ra arte izango dute txapelketan apuntatzeko aukera. Horretarako bidea honakoa da: Xabier Etxaniz (688 863 860 edo etxanizgetaria@gmail.com).

Hiru kategoriatako pilotariak arituko dira lehian: kadeteak (2007-2008 urteetan jaiotakoak), gazteak (2005-2006 urteetan jaiotakoak) eta nagusiak (2004an edo lehenago jaiotakoak). Antolakuntzak jakinarazi duenez, aurten berrikuntza bat ere izango da: “Salbatore Txapelketak 25 urte beteko ditu. Edizio berezia izanik, aldaketa nabarmen bat egingo da; nagusien mailan ez da adin mugarik egongo”. Hala, aurreko urteetan txapelketan parte hartu izan duten pilotari oro gonbidatu dituzten aurtengo edizioan parte hartzera.

Txapelketa maiatzaren 8an hasi eta abuztuaren 6an amaituko da, Salbatore Egunean. Hain justu, egun horretantxe jokatuko dituzte finalak. Maiatzean zehar, astelehen eta asteazken arratsaldetan jokatuko dituzte partidak. Ekainetik aurrera, antolatzaileek horren beharra ikusiz gero, ostiral edo larunbat arratsaldetan ere izango dira partidak.