45 urteko getariarra eta hamar urteko alaba baten aita. Lanbidez, Heziketa Premia Bereziko irakaslea da eta aurten, bigarrengoz jarraian, EH Bilduko alkategai modura aurkeztu du bere burua. Bere aburuz, gazte gaztetatik “saltsa guztietako perrexila” izan da: “Lantokian, langileen ordezkari; herrian, Eskubide Sozialen Karta eragilearen sortzaile eta sustatzaileetako bat; eta politikan ere ardura desberdinak hartu izan ditut”.

Zergatik erabaki duzu alkategai izatea?
Batetik, kidegoak —EH Bildukoak— osatu zuen galdeketa batean gure lau urteko jarduna oso ondo baloratu zutelako eta nire izena behin eta berriz proposatu zutelako. Bestetik, pertsonalki ohore bat delako herritar guztien ordezkari izatea. Niretzat kristoren esperientzia interesgarria eta aberatsa izaten ari da. Taldean ere oso-oso giro polita egon da, oso konplizitate politak egon dira.

Aurreko legegintzaldian udalean zinen, egin zure alderdiaren balorazioa, mesedez.
Oso positiboa, hala adierazi digute herritarrek ere. Momentu oso konplexuak eta gogorrak gestionatzea tokatu zaigu, baina arlo desberdinetan eragitea lortu dugu. Esalditxo batean laburbiltzeko, lau urtetako jarduna bizi-bizia izan da.
Ondo egindako zein aspektu nabarmenduko zenituzke?

Herritarrak erdigunean jarritako egitasmoak eraman direla aurrera. Herritarrak izan dira protagonista nagusiak. Horri esker, behar gehien dutenentzat inoiz bideratutako diru kantitate handienak jarri dira. Adibidez, Gizarte Larrialdietarako Laguntzak %400 igo ditugu: 9.000 eurotatik 50.000 eurora.

Historiako, eta hau oso garrantzitsua da, lehenengo Berdintasun Plana idatzi du udalak. Aurrenekoz, eta elkarlanean hau ere, Herri Curriculuma idazten hasi gara. Gazteen emantzipaziorako edota etxea behar dutenentzat, Eskualtxetan, alokairu sozialeko etxebizitza publikoak egiteko urratsak eman ditugu. Trantsizio energetikoaren eta ekologikoaren arloan, begi-bistakoak zaizkigun egitasmoak aktibatu ditugu eta auzotarren nahiz eragileen ia eskaera guztiak aurrera atera ditugu. Gero, garrantzitsua baita ere: lehen aldiz, kirol-mahaia osatu da Getarian.

Eta hobetzekoak?
Hobetzekoen artean bat aipatzearren, niretzat garrantzi handikoa, pertsonen arteko harremana eta komunikazioa bultzatzea da.

Gehiago entzun behar dugu elkar. Niretzat hor bide luzea dugu egiteko guztiok, bai udaletxe barruan, bai herritarrekiko, bai eragileekiko, baita alderantziz ere. Entzutea ez da batere erraza izaten, baina ezinbestekoa da gizarte batek aurrera egiteko. Bestearen lekuan ipini eta esaten ari den hori ulertzen saiatu behar dugu.

Hobetu beharrekoetan, askotan, niretzako ez dira gauza fisikoak izaten, gehiago dira gauza humanoak.

Udal hauteskundeetarako zer-nolako hautagaiak bilatu dituzue?
Zerrenda herriaren ispilua da, hala izatea nahi genuen; hau da, anitza, bizia eta konprometitua. Gainera, oso garrantzitsua, orainaren eta etorkizunaren arteko lotura egiten duen zerrenda da. Guztiok orainaren parte gara, baina bagoaz aurrera eta etorkizuneko pertsona berriek eutsi behar diote honi, galdera berriak egiten dituztenek edota erantzun berriak bilatzen dituztenek. Nik uste dut zerrendak jende askorengan, eta askotarikoarengan, bizipoza sortu duela eta horrela iritsi zaigu.

 

EH Bilduren zerrendako kideak, aurkezpen ekitaldian.

 

Datozen lau urteei begira zein da zuen helburu nagusia?
Herritarrak Getarian bertan duintasunez bizitzeko baldintza egokiak sortzen segitzea. Gazteak, haurrak, helduak eta adinekoak guztiaren erdigunean jarriko ditugu eta hainbat proiektu landuko dira.

Zeintzuk dira herri programako proiektuak? Zerk du lehentasuna?
Lehentasuna izango luke etxebizitza-eskubidea betetzeko bideak sustatzeak.
Plan Orokorrean aldaketa bat egin eta Potzuaga gaineko eremuan babestutako etxebizitzak eraikitzea izango litzateke etxebizitza politika horren hanketako bat. Izan ere, orain hasiko gara Plan Orokorra berritzen, baina Potzuagako etxebizitzak egiteko, lehendik dagoen planari zuzenketa puntual bat egin behar zaio, guztia egungo errealitatera egokitzeko. Aldundiak jada ontzat eman du aldaketa hori. Beraz, Plan Orokorraren berritzea eta aldaketa hori elkarrekin, paraleloki, egingo ditugu. Etxebizitza horien eraikuntza faseka egitea planteatzen dugu, eta gehiengo bat, %75a, babestua izango litzateke.
Etxebizitza politikaren bigarren hanka Eskualtxetan alokairu sozialeko etxebizitzak eraikitzeko falta diren urratsak ematea izango litzateke. Eta azkenik, hirugarrena, Alokabideren bitartez, herriko etxebizitza hutsak alokairuan jartzeko egitasmoa indartzea.

Aisialdian, kiroldegian estalpea eraiki eta haur parkeen plan renove bat egingo da. Hezkuntzan, berriz, eskolako fatxada berritu, ikasgela Ulpiano Etxera lekualdatu eta liburutegia berrantolatzea izango dira egitasmo nagusiak. Horrez gain, eragileekin elkarlanean, gazteek beren egitasmoak modu autogestionatuan aurrera eramateko gune bat egokituko da. Hasiera batean, eremu horretan kokatuko litzateke musikako entsegu lokala ere.

Auzoei dagokienez, auzokideekin batera, unean uneko hobekuntzak egiten segiko da. Normalean, herribideak urtero berritu dira. Askizun komuna egitea beraien eskaera izan zen orain lau urte eta, jada, onartuta daude horretarako diru poltsa eta proiektua.

Proiektuok udalaren esku daude edo elkarlana bilatu beharko da herritar zein erakundeekin?
Gehienak udalaren esku daude: eskolako fatxada, estalpea, Potzuagako etxebizitzak, parkeen plan renovea eta ikasgela, besteak beste. Badaude, ordea, beste erakundeen konplizitatea behar dutenak ere; Eskualtxetako alokairu sozialeko etxebizitzena, esate baterako. Horietan, dagoeneko egin ditugu lehen urratsak eta zenbait konpromiso hartu dira. Etxeko lanak eginda ditugu baina bai, beste erakunde baten konpromisoa behar da.

Gure proposamenetan badira herriaren interesekoak diren zenbait gai edo proiektu beste erakunde batzuen ardurapean edo jabetzan daudenak. Beraz, gai horietan ahal dugun guztia egingo dugu proiektuak aurrera atera daitezen. Adibide bat da, San Prudentzio-Askizura doan bidegurutzearena. Aldundiak proiektu proposamen bat idatzi du. Berak du eskumena, beraz, gure lana izango da, orain arte bezala, temati segitzea proiektu hori lehenbailehen gauzatu dadin.

Moila da beste gune berezia. Hor, jada, gureak diren eraikinen aterabidea emateko urratsak ematen ari gara. Nautikoren kasuan, itsasoarekin zerikusia izango lukeen proiektu baten inguruan lanean gabiltza. Bigarrena da Tintalekuaren jabetza kontuak argitzea eta ondo bideratzea. Nahiz eta moilako eremuan egon, udalak badu parte bat eta ari gara jabetza kontuak argitzen. Gainera, eta niretzat hau ere oso garrantzitsua da, moilako gauzez hitz egiteko, lortu zen portuetako legeak jasotzen duen Portuetako Udal Kontseilua garatzeko egitasmoa martxan jartzea. Horren inguruan hainbat proposamen egin genituen eta badirudi kontseilu hori osatzea ahalbidetuko duen dekretua aktibatu egingo dela. Kofradia Zaharraren kasuan, 2020an Jaurlaritzari berreraikitzeko erabilpen posible baten inguruko proiektua aurkeztu genion. Gerora ere ideiak bota dizkiogu itsasoarekin zerikusia duten egitasmoak garatzeko, baina eraikina Jaurlaritzarena da.

Ezjakintasuna eragiten duten gai orokorragoek, hala nola, bizi-kostuaren gorakadak, prekarietateak, krisi klimatiko eta energetikoak edo euskararen biziraupenak ba al dute lekurik zuen programan?
Azken lau urteotan horiei guztiei eutsi diegula esango nuke eta guztietan eragiteko egitasmoak bultzatu ditugu. Energia eta aldaketa klimatikoaren inguruko proposamen zehatzak ditugu eta martxan daude dagoeneko. Gainera, iparra markatzen duen plana ere idatzita dago. Plana adibide bat da baina, besteak beste, eguzki plakak edo energia komunitatea, jada, aktibo daude.
Euskarari dagokionean, euskara ikasteko dirulaguntzak ematen segituko dugu; gainera, ordenantza espezifikoa egin dugu jendeak euskara ikasteko erraztasunak izan ditzan. Erabilera handitzeko egitasmoak bultzatzen ere segiko dugu. Aurten egin dugu eta hurrengo urtean ere segi beharko dugu, guretzat larria baita euskararen erabileraren jaitsiera.

Bestalde, bizitzaren garestitzeari begira, gure eskumeneko esku-hartzeak egiten segiko dugu; hala nola, ordenantzetan hobariak planteatzen, alokairurako dirulaguntzak ematen edo gehien behar dutenentzako diru poltsak handitzen. Orain, udal laguntza berriak sortzera goaz behar horiek hobeto asetzeko.

Alkatetzan nahiz oposizioan, zein izango da zuen politika egiteko modua?
Azken urteetako jarduna aintzat hartuta, herritarrek jada normaltzat duten hori egiten jarraituko dugu: herriaren bihotza diren eragileen lana bultzatzen, herritarren parte-hartzea bilatzen, desberdinen arteko elkarlana balioan ipintzen, gardenak izaten eta guretzat oso-oso garrantzitsuak diren balioekin lan egiten: umiltasuna, goxotasuna eta begirunea.

EH Bildu gobernuan dagoenetik urteak pasa dira eta, jada, zorionez, normaltzat jotzen diren gauza horiekin aurrera jarraituko dugu. Batzuk ez dira akordatu ere egingo lehendik jaso zena zer izan zen: orain, eztabaida daukagu herrian kartelak astean behin kendu guztiak edo data pasa arte laga eta garai batean, egunero edo egunean bitan kentzen zituzten; jendeak egindako eskaera denak erantzuten saiatzen gara; nahiz eta hobetu behar, parte-hartzea ohikoa bihurtu da; zerbaitetan hanka sartuz gero, umiltasunez onartzen dugu eta barkamena eskatu behar bada, eskatzen da.

Zergatik bozkatu EH Bildu?
Amets bat dugulako: maite dugun herriak, maite ditugun herritarrek, Getarian duintasunez bizitzen ikustea. Datozen urteetarako, getariarren ongizatea hobetuko duten proiektu gauzagarriak, egingarriak, ditugulako. Proiektu guztiak dira, kasu honetan, egingarriak eta horiek bultzatuko ditugulako. Azken batean, esaten dugun hori egiten dugulako.•