Asteburuko partiden ostean erabakita geratu dira XI. Floren Memoriala Futbito Txapelketako talde finalistak, bai ligakoak bai kopakoak: kopako finalerako txartela Abeta Berrik eta Taxcok eskuratu dute; ligakoa, berriz, Iribarrek eta Izarrik. Horrez gain, Haitzeren eta Astilleroren artean, ligako hirugarren eta laugarren postuak ere jokoan izango dira. Denboraldiko azken partida horiek datorren larunbatean, maiatzaren 27an, jokatuko dituzte ondoko ordutegian:

  • Ligako hirugarren eta laugarren postua: 17:30ean, Haitze-Astillero. Epailea, Abeta Berri.
  • Kopako finala: 18:30ean, Abeta Berri-Taxco. Epailea, Haitze.
  • Ligako finala: 19:30ean, Iribar-Izarri. Epailea, Haitze.

Finalerako txartela jokoan izanik, tentsio handiko partidak izan ziren igandekoak. Oro har, ez zen gol festa handiegirik izan baina, irabazteko grinarekin irten ziren joku zelaira talde guztiak. Kaia/Kaipe eta Itxas Etxe kopako finalaren atarian geratu dira, izan ere Taxcok 8-6 garaitu zuen lehena eta Abeta Berrik 5-0 bigarrena.

Ligako finaletik urrats batera geratu direnak, aldiz, Astillero eta Haitze dira. Astillerok 3-1 galdu zuen Iribarren aurka eta Izarrik, gol baten aldearekin, 4-3 irabazi zion Haitzeri. Hala, bien arteko norgehiagokan erabakiko dira ligako hirugarren eta laugarren postuak. Eguraldia lagun, partidak frontoian izango dira; euria eginez gero, ordea, kiroldegian jokatuko dituzte.

Sari banaketa eta parrillada

Gure Txeru Elkartetik jakinarazi dutenez, partidak amaitu eta gero, sari banaketa egingo dute frontoian. Ondoren, parte hartzaileentzat parrillada egongo da (eguraldi onarekin Bista Onan, bestela kiroldegian).