Azken txanpan da 2019-2023 legegintzaldia eta nabaria izan zen atzoko Getariako Udaleko azken udalbatzarrean. Landu beharreko gaien ondoren, bozeramaileen esker hitzak izan ziren euren alderdikideekiko, udalean aritzeko konpromisoa hartu zutenekiko zein herritarrekiko. Agurraren aurretik, ordea, hiru gai jorratu zituzten, ekonomikoa bata eta gizarte arlokoak beste biak.

Nahia Iturbe Ogasun zinegotziak 2022ko likidazioaren berri eman zuen, argituz aurreikusitako gastuen exekuzio maila %90ekoa eta diru sarreren betetze maila %110ekoa izan zirela. “Zenbait kreditu txertaketa eta beste finantzaketa batzuk” lortu zirelako, aurreikusitako diru sarrerak gainditu egin zirela zehaztu zuen. “Gure balorazioa oso positiboa da, beste urte batez gai izan garelako dirulaguntzekin inbertsio eta proiektu interesgarriak egiteko, adibidez, Haitze kalea, Zarautz Jauregia, herri bideak, plaka fotovoltaikoak, Berdintasun Plana, herri curriculuma…”.

Aitor Urrestik, EAJ-PNVko bozeramaileak, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak diru sarrera horietan izandako garrantzia azpimarratu zuen. Zarautz Jauregiaren kasua jarri zuen adibidetzat, esanez Aldundiak 375.000 euroko konpromisoa hartu duela eta Jaurlaritzak 300.000 eurokoa. Beste dirulaguntza batzuez eta transferentziaz gain, Aldundiak, Foru Funtsen bitartez, 2008tik Getariari bideratu zaion kopururik handiena eman diola gaineratu zuen. “Uste dut horrelako udal txikiarentzako laguntza handia izan dela eta kudeaketa onaren erantzukizuna izan dela”, adierazi zuen.

Horri erantzunez, “bitxia da nola Aldundia eta Jaurlaritza goraipatzen ditugun eta herritik edo udaletik egin den kudeaketa bigarren, hirugarren edo erregional mailan uzten den. Dirua ez da zerutik erortzen, diruaren bila joan egin behar da”, adierazi zuen Haritz Alberdi alkateak. Ildo horretan, esker oneko agertu zen “elkarlanaren ondorioz iritsi den diruagatik” baita Europatik lortutako laguntzengatik ere.

Adostasuna gizarte gaietan

Eztabaida horren ondotik, bozkatu beharreko bi gaiak azaldu zituen Ane Loidi Ongizate eta Berdintasun zinegotziak. Batetik, diru poltsa bat osatzea larrialdietarako dirulaguntzetarako: “Konturatu ginen bazeudela Gizarte Larrialdietarako Laguntzetatik kanpo geratzen ziren herritarrak eta haiei gastuak –argindarra, ura, gasa, dentista…– ordaintzen lagundu nahian, 10.000 euroko poltsa sortu da”. Bestetik, Zestoako, Getariako eta Aizarnazabalko udalek “prenbentzio komunitarioa egiteko eta gizarte nahiz hezkuntza arloan esku hartzeko eta arreta psikosoziala eskaintzeko” garatutako programa. Bi neurriok aho batez onartu zituzten.

 

Lotutako albisteak: