Ekainaren 3an ospatuko da aurten Euskal Jaia, asteburu honetan udal eta foru hauteskundeak izateak atzeratu beharra eragin baitu. Era berean, aldaketa horrek beste bat ere ekarri du: aurten ez da trikitilari txapelketarik izango. Larunbat horretan Azpeitiako Sanjuandegi auzoko jaialdia izango da eta antolatzaileen esanetan, “ez dauka zentzurik parte-hartzaileak banatzeak”. Hortaz, 2023an ez da egingo baina horrek ez du esan nahi datozen urteetan ere hala izango denik.

Ohi moduan, ekitaldi ugari izango dira Gazte Alaiak txistulari taldeak estreinatuko duen 2023ko Euskal Jai egunean. Euskal musika eta dantzak gailenduko dira eta berrikuntza gisa, SOS Herritarrakek egitaraua prestatu du, lasterketa, poteo, herri bazkari eta musikarekin. Udalaren zein gazteen ekintzak uztartuta, egun oparoa aurreikus daiteke:

  • 09:00etan, Gazte Alaiak taldeko txistulariak.
  • 10:00etan, Pepita Enbil Musika Eskolako trikitilari eta pandero jotzaileak.
  • 11:00etan, kuadrillen arteko lasterketa
  • 11:30ean, Pepita Enbil Musika Eskolako trikitilari haurrak Alde Zaharreko kaleetan zehar eta plazan.
  • 12:00etan, triki poteoa
  • 12:30ean, plaza dantzak Gazte Alaiak txistulari taldearekin, plazan.
  • Bitartean, mikro irekia irrintziak botatzeko. Onena sarituko da.
  • 13:30ean, larrain dantza, plazan.
  • 14:30ean, herri bazkaria
  • 17:00etan, triki kalejira Arrapaladan taldearekin.
  • 18:00etan, musika Katrapunan
  • 19:00etatik aurrera, kantujira Taberna ibiltariarekin.
  • 22:30ean, erromeria Bide batez taldearekin, plazan.
  • 00:30ean, DJ Davila gaztetxean.

Ekainaren 1ean, berriz, Erraiak ikus-entzunezkoaren emanaldia eta irrintzi ikastaroa egingo dira Iturzaeta Herri Eskolan. Azken horretarako, doan izan arren, izena eman behar da udaletxean (kultura@getaria.eus). Hurrengo egunean, berriz, Gure Txerukoen dantza emanaldia izango da, haurrena arratsaldean eta helduena gauean. Aurreratu dutenez, estilo tradizionala eta garaikidea uztartuko ditu aurtengo emanaldiak.

Lotutako albisteak: