Aurten ere badute zer ospatua herriko adindunek eta ekainaren 4a eurentzako eguna izango da, Zahartzaroari Omenaldia ospatuko baita. Goizeko ekitaldien ondotik, bazkaria egingo dute Zumaiako El txoko de Mikel Bermejo jatetxean. Antolatzaileek jakinarazi dutenez, bertara joan nahi dutenek izena eman beharko dute, maiatzaren 30a baino lehen, Kutxanbanken edo Laboral Kutxan. 20 euro ordaindu beharko dituzte apuntatzean.

Ohi moduan, Tonpe Guraso Elkarteak eta Lagunakek egun guztiko egitaraua prestatu du, musikaz eta alaitasunez betea. Hona egitaraua:

  • 09:30ean, Getariako Musika Bandaren kalejira.
  • 10:30ean, omendu eta jubilatuen elkartzea, plazan.
  • 11:00etan, Meza Nagusia.
  • 12:30ean, Salbatore Abesbatzaren eta Getariako Musika Bandaren kontzertua, elizan.
  • 13:45ean, bazkaltzera joateko autobusa Itxas Etxe aurrean.
  • 14:15ean, bazkaria.
  • Ondoren, dantzaldia DJ Arosen eskutik.
  • 19:30ean, bueltako autobusa.
Aurtengo omenduak

Ospakizuna herriko adindun guztientzat bada ere, bereziagoa izango da aurten omenduko dituztenentzat. Taldetxoa osatzen dute aurtengo omenduek; honakoak dira datorren astean oroigarria jasoko dutenak: Ignacio Maria Esnal Alegria, Jacinto eta Casimira Isasti Aizpuru, Segunda Arruti Lopez eta Trinidad Otamendi Ezenarro.