Udalak Getariarako aurreikusitako proiektua aurkeztu zuen 5.000 biztanletik beherako herrietako udal jabetzako eraikinetan instalazio fotovoltaikoak jartzeko Gipuzkoako Foru Aldundiaren dirulaguntzetara. Berriki jakin denez, onartu egin dute proiektua eta ondorioz, eguzki-panelak jarriko dira Sahatsaga kiroldegiaren, zein Meagako eta Askizuko frontoien teilatuetan. Orotara, 279.892,36 euroko kostua izango du proiektuak eta %100ean finantzatuko du Aldundiak.

Trukean, udalak baimena emango dio Gipuzkoako Foru Aldundiari teilatu horietan panelak jartzeko. Lehen bost urteetan, instalazioen jabetza Aldundiarena izango da eta berak mantendu eta monitorizatuko ditu; ondoren, udala izango da haien titularra. Azken horrek iragarri duenez, “udalak konpromisoa hartzen du instalazioen ustiapena eta bertan sortzen den energia tokiko energia komunitatearen alde lagatzeko, gutxienez hogei urtez”.

Hain zuzen ere, panelek sortutako energia, tokiko energia komunitatearen bidez eta partekatutako autokontsumo erregimenean, herritarren onurarako izatea da helburua. Aldundiko teknikariek egindako aurreikuspenen arabera, panelak jarriko diren hiru teilatu horiek, bi kilometroko erradioa kontuan hartuta, herri guztiari ematen diote estaldura eta biztanleriaren ia herenarengana heltzeko adina energia berriztagarri sor lezakete.

 

Argazkia: artxiboko irudia, eskolako teilatuarena (Getariako Udala).

 

Lotutako albisteak: