Aurreikusi bezala, 20:00ak puntuan itxi dituzte hautetsontziak Berdura plazan. Ordurako alkategaitzarako bi alderdi nagusietako kideak zein jarraitzaileak kanpo aldean zeuden bilduta kontaketa noiz hasiko zain. Itxiera ordurako, mahai bakarrean geratzen ziren Correos bidez jasotako bozkak hautetsontzian sartzeko.

20:00etan, ateak itxita, mahaikideek zein egunean zehar ahaldun gisa aritu diren kideek bozkatu dute. Gaurko lehen datu esanguratsua abstentzioa izan da, izan ere,  bozka eskubidea zuten 2180 getariarretatik %77,43k bozkatu du, 2019an, aldiz, %80,57koa izan zen parte-hartzea.

Zenbaketa batzuek aurreikusi baino gehiago luzatu da eta urduritasuna areagotzen joan da Berdura plazara bertaratu direnen artean; bi mahaitan bitan kontatu behar izan dituzte botoak behar baino boto gehiago zenbatu direlako. Bigarren zenbaketarako alderdien arteko aldea nabaria zen eta giro lasaiagoa zegoen.

Amaieran, boto guztiak zenbatuta, EH Bildu izan da garaile, 886 botorekin. Hala ere, aurreko hauteskundeekiko boto galera izan du, orduan 948 boto izan baitzituen. EAJk gora egin du, 745 boto jaso ditu gaur; 2019an, 719 boto jaso zituen. Azkenik, PSEk 32tik (2019an) 10erako jaitsiera izan du. Datuokin, zinegotzi kopurua bere horretan mantenduko da, sei izango ditu EH Bilduk eta bost EAJk

Berehalakoak izan dira Haritz Alberdiri zorion keinuak, irribarreak eta agurrak

Hona zenbatutako botoak:

  • EH Bildu: 886 
  • EAJ-PNV: 745
  • PSE: 10
  • Zuriak: 27
  • Baliogabeak: 20
Foru hauteskundetan ere EH Bildu garaile

Gipuzkoako Foru Aldundiko hauteskundeak ere udalekoen bide beretik joan dira. EH Bilduk lortu du bozka gehien eta EAJ-PNV izan da bigarren indarra. Getarian lortutako emaitzak ondorengoak izan dira:

  • EH Bildu: 838 (2019, 834)
  • EAJ-PNV: 721 (2019, 756)
  • Elkarrekin Podemos: 40 (2019, 66)
  • PSE-EE: 31 (2019, 42)
  • STOP: 7
  • PP: 6 (2019, 6)
  • Baliogabeak: 17 (2019, 17)

 

Laster, alkategaien adierazpenak.

 

Lotutako albisteak: