Larunbatean jokatu zituzten XI. Floren Memoriala Futbito Txapelketako finalak. Eguraldia lagun, frontoian izan ziren norgehiagoka guztiak eta haiek ikusi asmoz, jende ugari bertaratu zen. 17:30ean hasita, orotara, hiru partida jokatu zituzten.

Lehena, ligako hirugarren eta laugarren postua lortzeko lehian, Astilleroren eta Haitzeren arteko partida izan zen. 13 eta 5eko emaitzarekin, Haitze erraz gailendu zitzaion Astillerori. Hala, ligako hirugarren lekua Haitzerentzat izan da eta laugarrena Astillerorentzat.

Bigarren partidan, kopako txapelduna erabaki zen. Lehia aurrenengo norgehiagokan baino estuagoa izan bazen ere, Taxco Abeta Berri baino gehiago izan zen. Hain justu, 3 eta 1ekoarekin, Taxcorentzat izan zen garaipena.

Azken partidan, ligako finalean, Iribar izan zen irabazle argia. Hasieratik hartu zuen mendean Izarri eta azkenean, zazpi eta hutsekoarekin amaitu zen partida. Maikel Larrañagak, Iribar taldeko jokalariak, pozez eta lortutakoarekin “gustura” hitz egin zuen. Bere hitzetan, “aurrenengo zatian aguantatzera joan gara, ze kanbiorik ez geneukan. Bigarren zatian, beste hiru bat pertsona etorri dira eta ordutik aurrera, nik uste dut erraz egin dugula”. Larrañagarentzat ez da futbito txapelketako talde irabazlean aritzen den lehenengo aldia, Txoko taldearekin 7-8 final inguru irabazi ditu. Anaierarekin batera garaipena lortzen zuen lehenengoa izan da, ordea. Horren harira, ondokoa aitortu du: “Anai zaharrak etorri behar anaia gazteak liga irabazteko”.

Behin partidak amaituta, sari banaketa egin zuten eta ondoren, Bista onan, parrilada. Jatekoarekin, edatekoarekin eta musikarekin parte hartzaileek giro ederrean eman zioten amaieran aurtengo denboraldiari.