Atzotik, zabalik dago euskal dantzetan matrikulatzeko epea. Bi txandatan egingo dute izen-ematea, lehena bihar arte izango da eta bigarrena ekainaren 6an eta 7an. Gainera, astelehenean, ekainak 5, HH5ekoentzako ate irekiak izango dira Gure Txerun, 18:00etatik aurrera.

Bestalde, Pepita Enbil Musika Eskolako izen-ematea ere zabalik dago. Aste honetan, atzotik bihar arte, barne matrikulazioa izango da eta ekainaren 6an eta 7an, berriz, Haur Hezkuntzako 3 urtetik aurrerako edozein herritarrentzakoa.

Iragarri dutenez, instrumentuez gain, gaztetxoen abesbatzan eta helduen solfeoan ere apuntatu daiteke.

Izen-emate guztiak musika eskolan egin daitezke, aipatutako egunetan, 17:00etatik 19:00etara. Bertaratzerik ez dutenek, 943 140 337 telefono zenbakira deituta edo idazkaritza@getariakomusikaeskola.eus zein zuzendaritza@getariakomusikaeskola.eus helbideetara idatzita egin dezakete.

Ikasturte amaierako entzunaldiak

2022/2023 ikasturtea amaierara heltzen ari da baina oraindik geratzen da zeregina musika eskolan. Izan ere, ikasitakoa herritarrei erakusteko garaia da eta entzunaldiak iragarri dituzte ekainaren 12tik 14ra. Egunero 18:00etan hasiko dira.

Horrez gain, ikasturte amaierako emanaldia egingo dute hilaren amaiera aldera ekainaren 20an, hain zuzen ere. Azken urteetan bezala, Iturzaeta Herri Eskolako aretoan izango da 18:00etatik aurrera.