Uda garaia gerturatzearekin batera, indarrean sartuko da udako aparkaleku sistema. Hala, herriaren goiko zatia egoiliarrentzat gordeta egongo da –Herrerieta eta Sahatsaga kaleko aldapa izan ezik– eta moilan, TAO zerbitzua abian jarriko da. Egoiliarren eranskina dutenek euren autoa edozein aparkalekutan utzi ahal izango dute, bai herriaren goiko zatian bai moilan, gainkosturik ordaindu gabe. Aurten, gainera, Artzapeko aldapa ere baimenduentzat gordeta egongo da; zehazki, 18 aparkaleku izango dira. Aparkaleku sistema hori indarrean egongo da bihartik, ekainaren 1etik, irailaren 30era arte.

Ibilgailuen tasa Getarian ordaintzen dutenez gain, ondorengoek ere eskuratu dezakete eranskailua: tasa ordaindu ez arren, herrian erroldatuta daudenek, etxebizitza bat dutenek zein, gutxienez 30 egunez, etxebizitza bat alokairuan hartzen dutenek. Horiek, ordea, 30 euroko kuota ordaindu beharko dute denboraldiko eta ibilgailu bakoitzeko.

Herrigunean jarduten duten langileek ere baimena izango dute ibilgailua aparkatzeko, orain arte bezala, moilako eremuan. Horiek 15 euroko kuota ordaindu beharko dute denboraldiko eta ibilgailu bakarrarentzako eranskailua eskuratu ahal izango dute. Etxez-etxeko konponketetarako eta antzerako lanak egin ahal izateko, errepidetik gorako eremuan badira, doako aparkaleku baimena emango du udalak.

Hondartza denboraldia, berriz, ekainaren 15ean hasi eta irailaren 15era arte izango da. Epe horretan, besteak beste, herriko bi hondartzetan sorospen zerbitzuak egongo dira.

Lotutako albisteak: