Pasa den asteburuan, Errenteriako Fanderia pilotalekuan, kimuen judoko Gipuzkoako txapelketa egin zen. Txapelketako lehenengo bi jardunaldietan lortutako puntuei esker, Getariako Taiko Judo Klubeko bost judokek lortu zuten azken jardunaldirako txartela.

Larunbat arratsaldean, 38 kilo azpiko kimu txikien kategorian lehiatu zen Anartz Rodriguez eta Johana Flores 57 kilo azpikoan. Bi lehia irabazi eta beste bi galdu ostean, zilarrezko dominarekin etxeratu zen Rodriguez. Floresek ere emaitza “paregabeak” lortu zituela jakinarazi du Nahikari Arretxe Taiko Judo Klubeko entrenatzaileak eta “lehia guztiak nagusitasunez irabazten hasi bazen ere, finalean, aurkaria nagusitu zitzaion eta sentsazio gazi-gozoarekin etxeratu zen”.

Igandean, berriz, Seynabou Camararen, Julen Urangaren eta Suhar Esnalen txanda izan zen. Camarak 36 kilo azpikoen kategorian parte hartu zuen. Arretxek azaldu duenez, mutilen ligan ez bezala, kimu mailako neska guztiek elkarren aurka jokatzen dute eta ondorioz, Camarari “bere adinekoen nahiz urtebete zaharragokoen kontra lehiatzea tokatu zaio ikasturtean zehar”. Orain arte podiumetik gertu baina igo ezinik ibili bada ere, igandean, arantza hori kendu eta zilarrezko domina eskuratu zuen getariarrak.

Urangak 31 kilo azpikoen kategorian parte hartu zuen eta “txapelketako erritmoa bereganatuz eta emozioekiko kontrol paregabea erakutsiz, lehia guztiak irabazi zituen eta berak ere espero ez zuen urrezko dominarekin etxeratu zen”, dio Arretxek. Esnalentzat, kimu handien 38 kilo azpiko kategorian lehiatzen zen azken txapelketa izan zen igandekoa eta brontzea lortu zuen.

Ekainak 10, benjaminen txanda

Ekainaren 10ean, arratsaldez, Taiko Judo Klubeko 14 judokek Usurbilen izango dute hitzordua. Arretxek aitortu duenez, klubetik inoizko parte hartzaile kopuru handienak parte hartuko du. Bertan, Lehen Hezkuntzako hirugarren mailako Karen Esnal, Karle Esteban, Maddi Larrañaga, Oier Mujika, Yeray Farinango, Martin Fleischman, Irai Gorrotxategi, Unai Azkue eta Haize Subijana lehiatuko dira. Lehen Hezkuntzako laugarren mailatik, berriz, June Rodriguezez, Laia Rodriguezez, Manex Mandiolak eta Galder Rodriguezek parte hartuko dute.

Datorren ikasturteari begira, Getarian, lehenengo aldiz, haurren kategorian bi ume egongo direla azaldu du Arretxek eta zuzendaritzatik “proiektu berriak” martxan jartzen ari direla gaineratu du.