Irailarekin batera, martxan jartzen ari da kirol arloko taldeen ikasturte berria ere. Hala, Taiko Judo Klubak datorren astean, irailaren 12an, helduko dio bere jardunari. Aurreikuspenen arabera, denboraldi berrian, astearte eta ostegunetan egingo dituzte saioak Sahatsaga kiroldegian.

Ordutegiak ere zehaztuta dituzte mailaren arabera: Haur Hezkuntzako 4. eta 5. eta Lehen Hezkuntzako 1. mailetakoak 16:15etik 17:10era ariko dira, Lehen Hezkuntzako 2., 3. eta 4. mailetakoak 17:15etik 18:10era, Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 1. eta 2. mailetakoak 18:15etik 19:10era. Helduak, azkenik, 19:30ean entrenatuko dira. Dena den, izen-emateak tarteko, ordutegiak alda daitezkeela iragarri dute. Azken urteetan bezala, Nahikari Arretxek bideratuko ditu saioak.

Judoaren nolakotasuna azaldu du, hain zuzen ere, Arretxek: “Borroka kirol baten bitartez ematen den gorputz hezkuntzako sistema integral bat da. Gainera, haur judoari dagokionez, norberaren eta inguruko lagunen gorputz kontrola, koordinazioa, oreka eta diziplina lantzeko jarduera fisiko gomendagarriena dela diote adituek”.

Informazio gehiago nahi duenak kiroldegira jo edo 688662808 telefono zenbakira dei dezake.