Emaitza nahi bezain ona izan ez arren, festa giroa nagusitu zen atzokoan lehiakortasunaren eta irabazteko grinaren gainetik. Kontxako Banderaren bigarren estropadan, Caboren aurretik egitea zuen xede Esperantzak baina, etxeko ontziak ezin izan zuen garaitu traineru galiziarra. Hori, ordea, ez zen ospakizunetarako oztopo izan. Getariarrek, arraunlariek nahiz zaletuek, poz handiz eta harrotasunez ospatu zuten lortutako zazpigarren postua. Goizetik hasita, ilundu arte luzatu zuten askok eguna.

Esperantzaren kalterako, itsasoa bare-bare zegoen atzokoan. Getariarrak hobeto moldatzen dira olatu artean eta baldintza zakarragoetan, baina itsasoaren egoera ausazkoa denez, ezin aukeratu. Hala ere, euren onena emanez, gogor borrokatu zuten eta sailkapen orokorrean zazpigarren geratu dira. Bi luzeak egiteko 19:56,90eko denbora behar izan zuten; Cabok baino ia 12 segundo gehiago. Bandera, berriz, zazpigarrenez, Bermeok astindu zuen (19:09,74). Erraz lortu zuten bizkaitarrek garaipena. Bi igandetako denborak kontutan hartuta, Zierbenari, bigarren sailkatuari, ia 12 segundoko aldea atera zioten.

Behin estropada bukatuta, antxerrira bertaratu eta herriko zaletuekin batera ospatu zuten getariako arraunlariek lortutakoa. Antxerria marroi kolorez jantzi zen eta danbor, musika eta oihu artean emozioak eztanda egin zuen.

Arraun Lagunak etxean garaile

Bigarrengo aldiz, Arraun Lagunak ontzi donostiarrak lortu zuen Kontxako Bandera –orain bi urte, 2021ean, eskuratu zuen lehena–. Ikaragarrizko estropada egin zuten atzokoan eta hasieratik jarri ziren buru. 10:23,32ko denboran amaitu zituzten lanak. Aurreko astean ez bezala, Tolosaldea atzean geratu zen eta 10:44,50eko denbora eginez, sailkapeneko laugarren lekua eskuratu zuen. Bigarren lekua Donostiarrakentzat (10:30,70) izan da eta Oriorentzat hirugarrena (10:36,92).

Lotutako albisteak: