Demografiaren bilakaerak gizartearen zahartzea dakar eta, beraz, zaintzari lotutako enpleguak gora egingo duela aurreikusten da. Erronka horri erantzun asmoz, Urola Kostako Udal Elkarteak Zaindu Urola Kosta prestakuntza ekimena jarri zuen martxan joan den urtean, eskualdeko hainbat eragilerekin batera, Zaintza mahaia sortuz. Mahai horrek xede du “zaintza sektorea profesionalizatzea eta sektorean kalitatezko enplegua sustatzea”.

Egitasmoa zaintza alorrean lan egin nahi duten eskualdeko herritarrei dago zuzenduta eta eskualdean zaintza arloan dauden edo egon nahiko luketen zaintzaileek gaitasun tekniko zein zeharkakoak jasotzea du helburu. Ekimena “Elkar-EKIN Lanean” proiektuaren baitan landu dute eta Gipuzkoako Foru Aldundiak nahiz Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuak finantzatuta dago.

Interesatuek menpeko pertsonak zaintzeko Lanbide ziurtagiria lortu ahal izango dute. Bi modalitate dituzte aukeran; bata aurrez aurrekoa, eta bestea online. Aurrez aurreko saioak urriaren 26an hasi eta 2024ko maiatzaren 16ra arte izango dira, astelehenetik ostiralera (15:00-18:30), Oteitza Lizeo Politeknikoan (Zarautz). Online saioak, berriz, azaroaren 6an hasi eta 2024ko maiatzaren 9an amaituko dira –azterketak eta hainbat saio aurrez aurre izango dira, Oteitzan–. Ikastaroa egiteko plataforma erabiltzen ikasteko, aurrez aurreko saio bat egingo dute urriaren 31n, 15:00etan.

Prestakuntzak teoriatik zein praktikatik izango du; hala, partaideek eskualdeko erakundeetan praktikak egiteko aukera izango dute. Jada, zabalik dago izen-ematea. Horretarako, Oteitza Lizeo Politeknikoko idazkaritzara deitu behar da (943 111 000, Ainhoa).