Joan den denboraldian eskuratu zuen Eibar Futbol Taldeak emakumezkoen maila gorenera igotzea. Ane Campos getariarrarentzat talde gipuzkoarrean jokatzen zuen laugarren urtea izan zen iazkoa eta aurten ere, bertan jarraituko du lehian. Hain justu, igoera horren eta azkenaldian lortutako emaitzen aitortza modura, udalak antolatuta, omenaldia egingo diote etzi, igandean, frontoian, III. Plazaz Plaza pilota txapelketaren atarian.
12:30ean hasita, txapelketako finalerdia jokatuko dute herriko frontoian. Hala, Camposek aterako du partida nagusiko sakea. Aurrez, Ados klubeko pilotari gaztetxoak arituko dira.
Futbolarien greba bertan behera
Gutxieneko soldataren inguruan akordioa lortuta, F Ligako jokalariak lanuztea etetea erabaki dute. Horrenbestez, bigarren jardunaldia jokatzeko moduan izango dira. Eibartarrek bihar, 12:00etan hasita, neurtuko dituzte indarrak Levante Las Planasen aurka.
Datozen hiru denboraldietarako ituna sinatu dute FUTPRO, AFE, Futbolistas ON, CCOO eta UGT sindikatuek eta patronalak. Horren arabera, datorren denboraldian, 21.000 euro gordinekoa izango da futbolarien gutxieneko soldata. “Publizitate bidezko diru-sarrerak handituz gero”, ordea, 23.000 euroraino irits daiteke. 2024-2025 sasoian, gutxieneko soldata 22.500 eurokoa izango da, 25.000 eurora igotzeko aukerarekin. 2025-2026 denboraldian, berriz, 23.500 euro gordin jasoko dituzte gutxienez, 28.000 eurotara igotzeko aukerarekin.
Sindikatuek hilaren 1ean egin zuten greba deialdia eta ondorioz, ez dute ligako lehen partida jokatu.