12:30ean, III. Plazaz Plaza pilota txapelketako finalerdiko partidaren aurretik, Ane Campos futbolari getariarra omendu zuen herriak. Iazko denboraldiagatik eta azkenaldiko lorpenengatik egin zioten aitortza. Udalaren eta zenbait herrikideren partehartzearekin, omenaldi xume bezain hunkigarria egin zioten.

Iluntzean, berriz, Esperantzako arraunlarien txanda izan zen. Atzo amaitu zuten getariarrek denboraldia eta herritarrek harrotasunez jaso zituzten etxean. Sasoi ederra egin dute Ion Larrañagaren mutilek. Estropadaz estropada erakutsi dute maila gorenean aritzeko moduko taldea dutela eta halaxe, egindako lanaren eta esfortzuaren emaitzak jaso dituzte. Denboraldi osoan zehar, Caborekin lehia estuan ibili dira baina azkenean, ez dute traineru galiziarrari aurre hartzerik lortu. Soilik, puntu bateko aldeagatik, Caboren atzetik geratu da Esperantza, sailkapen nagusiko zazpigarren lekuan.

Larunbatean, estropada borobila egin zuten getariarrek. Caboren aurretik, eta Hondarribiaren atzetik zazpi segundo pasatxora, seigarren lekua eskuratu zuen Getariako ontziak. 19:57,40eko denbora behar izan zuten lau luzeak egiteko, talde irabazleak, Bermeok, baino 26.22 segundo gehiago. Igandekoa, berriz, ez zen getariarren egunik onena izan. Azkenengo postuan, zortzigarrengoan, geratu ziren, Orioren atzetik, horiengandik sei segundoko aldera. Cabok, aldiz, lanak oso ongi egin zituen eta getariarrak baino 26 segundo azkarragoak izan ziren.

Denboraldi hasieran, azken bi postuak saihestea zuten helburu Getariako arraulariek. Xede nagusia lortuta, gustura egoteko moduan da herriko ontzia. Hori gutxi ez eta Kontxako Banderan ere lehian aritzea lortu dute, bigarren urtez jarraian. Orain, ondo irabazitako atsedenaz gozatzea besterik ez zaie geratzen.

Lotutako albisteak: