Emakumeak kirolean egiten ari diren ibilbidearen erakusleiho izan zen atzo Getariako frontoia. Izan ere, Ados pilota klubak antolatutako III. Plazaz Plaza txapelketako finalerdiak jokatu ziren eguerdian, baina horren aurretik Ane Campos futbolari getariarrak herriaren aitortza jaso zuen “Lehen mailara igo berritan”.
Lore sorta eta Nerea Urrestarazuk egindako koadro bat oparitu zizkioten. Haritz Alberdi alkateak hartu zuen hitza ondoren eta eskerrak eman zizkion Camposi Lehen Mailarako urratsagatik: “Ez da askotan ikusten getariar bat lehen mailan jokatzen. Badaude historian zehar, eta historiara pasa da Ane Campos ere”. Emakume futbolariek azken egunetan egindako greba ere goraipatu zuen; hala, “eskerrik asko, beste behin ere, emakumezkoak mundu hori aldatzen egiten ari zareten ahalegin guztiagatik” adierazi zuen.
Gure Txerukoek aurreskua dantzatu zioten Camposi eta haren amaieran, hunkitu egin zen, kuadrillako lagunek honako bertsoa abestu ziotenean:
Hankartean baloiren bat
buru gainean koleta
paparrean Osasuna
ikur zuen kamiseta.
Plaieroak, Zumaiako,
aitaren zenbait hizketa
ta azkenean, lehen mailan
ezinezkoei kolpeka.
Erreferente izatea
nahizta ez den zure meta
bihotza degu kolore
urdin ta gorriz beteta
saiatzen denak bidea
luzea izaten du-eta.
Plazaz Plazako finalerdiari hasiera eman aurretik, Aupa, Ane! oihuren bat entzun zen publiko artetik. Ondoren, partida nork hasi erabakitzeko txapa jaurti eta ohorezko sakea egin zuen Camposek.
Futbolariak “oso pozik” hartu zuen atzoko omenaldia. “Ikusten da udaletxeak nesken kirolagatik, baita futbolagatik ere, apustua egiten duela”, adierazi zuen. Gainera, pilota partida baten atarian egiteak bazuen bestelako esanahi bat berarentzat, txikitan pilotan aritua baita: “Neska bakarra edo ia bakarra nintzen. Orain, ikusita, igandetan, emakumezkoen pilotak indarra hartu duela, oso pozik nago”.
Lehen mailara itzulera
Aurrez ere jokatu du lehen mailan baina oraingo itzulera bestela bizi du Camposek: “Asko hazi naiz futbolari zein pertsona modura. Gauzak ezberdin hartu eta ikusten ditut. Aurreko urtean minutu asko jokatzeko zortzea eduki nuen eta aurten ere –asteburuan hasi da liga– minutu asko eduki ditut”.
Emakumeen ligako greba tarteko, denboraldi hasiera “mugitua” izan da. Jokalarien baldintzak hobetzea eskatzen zuten kirolariek eta, besteak beste, urteka handitzen joango den soldata igoera adostu dute. “Ezjakintasunean geunden, ez genekielako jokatuko genuen edo ez. Bukaera arte borrokatu dugu (…) Pausoak ematen ari gara pixkanaka eta horretan jarraitu behar dugu”.
Pilota finalerdia
Pilotari dagokionez, Ados klubeko pilotari gazteenak aritu ziren lehenbizi, 18 tantura. Frontoirako ez ezik, jokorako gogoa badutela erakutsi zuten Iraide Iriarte eta Amaiur Landa (urdinez) zein Laia Gastiain eta Dunize Alberdo (gorriz) bikoteek. Urdinak aurretik jarri baziren ere, gorrien aldekoa izan zen norgehiagoka, 18-13ko emaitzarekin amaitu baitzuten.
Plazaz Plazako finalerdia, berriz, Iera Agirre Iturriaga-Olatz Ruiz de Larramendi eta Maddi Barrocal-Naroa Agirre bikoteek jokatu zuten. Gaztetxoen partidan bezala, urdinak jarri ziren aurretik baina 10. tantora heltzerako gorriek iraulia zuten abantaila. Partidan zehar, birritan berdindu zuten markagailua eta, azkenean, 22-21eko emaitzarekin, gorriek irabazi zuten.
Hortaz, III. Plazaz Plaza pilota txapelketako lehen bikote finalista Iturriaga-Ruiz de Larramendi da. Datorren larunbatean, irailaren 23an, jokatuko da bigarren finalerdian eta handik aterako da irailaren 30eko finaleko bigarren bikotea. Partida hori Azkoitian jokatuko da.