Arnasguneetako 10-16 urteko gazteei zuzenduta, Arnasetik bideo sormen lehiaketa antolatu du Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak (UEMAk) Arnasa Gara ekimenaren baitan. Lehiaketaren helburua da hizkuntza ohituren inguruan gogoeta egitea.

Hala, antolatzaileek proposatutako gaiari erantzunez, euskarari lotutako istorio bat kontatu beharko dute parte-hartzaileek. Banaka zein taldean har dezakete parte eta adinaren arabera, hiru mailatan banatuko dira: LHko 5. eta 6. mailako ikasleak, DBH 1. eta 2. mailakoak eta 3. eta 4. mailakoak.

Txikienek beraien herriak nolakoak diren azaldu beharko dute: zer egin daitekeen bertan, euskara maila hobetzeko zergatik diren egokiak eta abar. Formatu librean –marrazkia, olerkia, bertsoa, bideoa, abestia…– garatu dezakete ideia. DBHko lehen mailetakoek, umorezko bideo baten bidez, beraien herrietako esamolde berezienak eta haien esanahiak azaldu beharko dituzte. Zaharrenek, aldiz, euskal kultura, musika eta ekimenak balioan jarri beharko dituzte zein plan egingo luketen adierazten duen bideoa landuz.

Lanak aurkezteko epea urriaren 24ra arte egongo da zabalik www.arnasagara.eus webgunean. Kategoria bakoitzak 500 euroko balioa duen saria izango du Irrisarri Landen, Durangoko Azokaren denda birtualean edo EITBren Goazen! eta Irabazi arte! telesailen produktuetan gastatu ahal izateko.