UKTk eta Getariako Udalak elkarlanean landutako Getariarren Bira dokumentala aurkeztuko dute igandean, irailak 24, Iturzaeta Herri Eskolako aretoan. Iazko irailaren 6an 500 urte bete ziren Juan Sebastian Elkanok munduari bira eman zionetik eta lehorreratzeak, berriz, mendeurrena bete zuen. Hori da, hain zuzen ere, ikus-entzunezkoaren abiapuntua.
Julen Imaz zuzendariak herritarrei eman nahi izan die protagonismoa eta lehorreratzean parte hartu izan duten edo hartu ohi duten getariarrak elkarrizketatu ditu. Horrez gain, iaz lehenengo aldiz lehorreratzean izan ziren edo hura eguneratzeko gauzatuako parte-hartze prozesuan ekarpenak egindakoen testigantzak jaso ditu. Erakundeetako ordezkariak ere izan dute zeresana, Getariako Udalekoek zein Elkano Fundaziokoek, esaterako.
Orotara, 77 minutuko lana ondu du zuzendariak eta emaitza, igandean, 19:00etan, izango da ikusgai.