Harro Herri leloarekin, Irunen hasi eta Baionan amaituko da datorren Korrika. 2024ko martxoaren 14tik 24ra, hamaika egunez, Euskal Herriko txoko ugaritatik igaroko da “euskararen aldeko mobilizaziorik handiena”.

Gaur goizean, Donostiako San Telmo Museoan egin dute 23. edizioaren aurkezpen ekitaldia. Bertan, aurtengo mezua, iruditeria eta leloa plazaratu ditu AEK-k. Bertan gogorarazi dutenez, “aurreko edizioko parte-hartze masiboak argi utzi zuen gure hizkuntzaz harro gaudela eta guztion artean komunitate sendoa osatzen dugula. Oztopo guztiak gainditzeko gai den herri harroa, harro Korrikan”.

Aitziber Balantzategi AEK-ko Artezkaritza-kontseiluaren lehendakariak eta Korrika batzordeko kidearen hitzetan, Korrikak “herri-aldarri alai eta tinkoa izan nahi du”. Hala ere, harrotasun hori konformismoarekin ez nahasteko aldarria egin du eta erakundeek euskararen normalizazioan duten “ardura garrantzitsua” azpimarratu du. Herritarren ahaleginarekin batera, hizkuntza-politika “ausartagoak” behar direla gaineratu du.

Azterketak Euskaraz omendua

23. Korrikan, Ipar Euskal Herriko Azterketak Euskaraz ekimenari egingo diote aitortza; hain justu, frantziar estatuko hizkuntza-legeari aurre eginez, baxoa nahiz brebeta azterketak euskaraz egiteko eskubidea aldarrikatzen duen kolektibo gaztea.

Ane Elordi Korrikako koordinatzaile nagusiak azpimarratu duenez, “gazte horiek, beren ikasketen une oso erabakigarrian, herritar euskaldun gisa dagozkien hizkuntza-eskubideak aldarrikatzeko hautua egin dute, beren notak eta etorkizun akademikoa kaltetuak izango direla jakitun”. Korrikak egingo dien omenaldiaren bidez, euren ekimenari oihartzuna ematea espero du du Elordik.

Argazkia: Korrika