Atzo aurkeztu zuten Getariako Udal Liburutegian, labetik atera berria den sormen-egonaldien proiektua. Egitasmoaren nondik norakoak azaltzen, aurkezpen prentsaurrekoan izan ziren, besteak beste, Ekaitz Esteban Kultura eta Euskara zinegotzia, Uxue Alberdi idazlea eta Getariako bizilaguna, Leire Zufiria turismo bulegoko langilea eta egonaldiotan ostatu emango duten negozioen jabeak.

Estebanen hitzetan, “ilusio handiz” aurkezten duten proiektua da. Zinegotziak “elkarlanean” sortutako ekimena izan dela azpimarratu du eta eskerrak eman dizkie parte hartzera animatu diren herriko bost aloiamendu turistikoetako jabeei nahiz Alberdiri, “proposamena ekarri eta proiektuaren bultzatzaileetako bat izateagatik”.

Euskal idazleei bideratutako sormen-egonaldiak dira eta, momentuz, 2024 eta 2025 urteei begirako proiektua da. Urte bakoitzean hiru idazlek izango dute egonaldia egiteko aukera –guztira, sei sortzaile izango dira onuradunak–. Alberdik azaldu du helburua dela “euskal literatur sorkuntza bultzatzea” eta era berean, “sinergia eta elkarlana sortzea agente literarioen eta herriko agente turisikoen artean”. Idazlearen aburuz, horrelako ekimenak oso baloratuak izan ohi dira sortzaileen artean, “askotan behar izaten baititugu bakartze aldiak”.

Ostatu emaileak

Herriko hainbat ostatuk erabaki dute “erabat borondatezkoa den proiektu honetan” parte-hartzea. Estebanek jakinarazi duenez, guztiei egin diete parte hartzeko deia eta “azkenean, Saiaz Hotela, San Prudentzio Hotela, Getari Apartamentuak, Epotx Landetxea eta Katu-Kale Apartamentuak animatu dira”. Hala ere, zinegotziak gogorarazi du, aurrera begira, inork gehiagok interesa izanez gero, parte hartzeko aukerak zabalik jarraitzen duela.

Datorren urteari begira, ostatu emaileak Saiaz Hotela, Epotx Landetxea eta Katu-Kale apartamentuak izango dira. Sei eguneko egonaldia egingo du idazle bakoitzak, doan, hurrenez hurren, otsailean, martxoan eta azaroan. 2025eko plangintza aurrerago osatu eta jakinaraziko dutela gaineratu zuten. 

Parte hartzeko baldintzak

Eskatzaile bakoitzak egonaldian landuko duen proiektuaren azalpena eta lanaren garapen fasea jasotzen dituen txosten bat aurkeztu beharko du. Horrekin batera, curriculuma eta intereseko duen egonaldia zehaztu beharko du –idazle bakoitzak eskabide bat baino gehiago egin ahalko ditu–. Informazio hori guztia, abenduaren 31 baino lehen, kultura@getaria.eus posta elektronikora bidali beharko dute.

Egonaldien erdiak, gutxienez, emakumezko idazleentzat izango dira eta urteko hiru egonaldietako bat 35 urtetik beherako batentzat. Hautaketa prozesua lau kidek osatutako epaimahaiak egingo du. Bertan, Alberdiz eta Estebanez gain, Imanol Arregi Garoa liburu dendako liburuzalea eta udal teknikari bat egongo dira.

Behin sormen lana burututa, onuradunek bi konpromiso izango dituzte: Alde batetik, bere lanean, ostatu eman dion etxea edo tokia aipatzea; eta bestetik, azken emaitza Getarian bertan aurkeztea.