Getarian ere jarraipen zabala izan du gaurko, azaroaren 30eko, greba feminista orokorrak. Askok eten dute euren lan-jarduna mugimendu feministarekin bat egiteko eta zaintzaren eskubide kolektiboa aldarrikatzeko. Iturzaeta Herri Eskolan, esaterako, 255 ikasletatik, soilik, 81 bertaratu dira. Irakasleei dagokionez, %75ak baino gehiagok egin du lanuztea. Sahatsaga kiroldegian ere, egunean zehar, gutxieneko zerbitzua emango dute; soilik, gimnasioa egongo da irekita. Harreran esan digutenez, goizean zehar, jende “gutxi” bertaratu da eta “gehiengoa gizonezkoa”.

Anbulatorioa irekita egon da, baina grebaren jarraipena zenbatekoa izan den ez dute azaldu nahi izan. Eguneko zentroak ere %100ean ari da ematen zerbitzua. Bertako langile baten arabera, “ezarri diguten gutxienekoa bermatzeko, ezin izan dugu grebarik egin”. Horrez gain, gaineratu du erabiltzaile guztiak joan direla.

Udaletxean ia ez du jarraipenik izan lanuzteak; langile gutxi batzuk bakarrik egin dute bat deialdiarekin. Turismo bulegoa ere normaltasunez ari da zerbitzua ematen; aldiz, liburutegia eta musika eskola itxita egongo dira gaur.

Herriko establezimenduei dagokionez, denetarik dago. Grebaren eragin nabarmenena Kale Nagusian atzeman daiteke; bertan, hainbat taberna eta denda daude itxita. Elkano kalean, berriz, giroa ohi modukoa da. Farmazia ere irekita dago, baina erakusleihoko kartelak adierazten duenez, guardiako zerbitzua ematen ari da.

Igarategi industrialdeko enpresa handienak, Indauxek, bat egin du deialdiarekin. Bertako ordezkarien arabera, bozketa egin eta baiezko garbia eskuratu eta gero, produkzioko langile ia denek egin dute greba. Bulegoak, ordea, lan jarduna mantendu du. Industrialdeko gainerako enpresa gehienak, berriz, zabalik zeuden goizean.

Zaintza sistema publiko eta komunitarioa aldarri

Getaiko Mariñak talde feministak deituta, 11:30ean, 100 lagunetik gora batu dira herriko plazan. Eguraldia lagun izan ez arren, manifestazioa egin eta herriko kaleak zeharkatu dituzte Zaintza sistema publikoa moduko leloak oihukatuz. Alde Zaharreko ibilbidea amaituta, plazan bildu eta Mariñak taldeko kideek irakurketa egin dute.

Greba feminista orokorrarekin bat egin duten herritar guztiei eskerrak emanez hasi dira: “Azken asteotan antolatzen aritu zareten sindikatuko kideei, pentsiodunei eta feministoi, eskerrik asko!”. Salatu dutenez, egungoa “sistema kapitalistak, patriarkalak eta kolonialak mantentzen duen zaintza erregimena bidegabea” da. Hori aldatu daitekeenaren uste osoa dutenez, “gaur kalera irten gara, beste sistema bat posible delako”.

Nabarmendu dute, orain arte egindako ibilbideari esker, zaintza lanak agenda politikoan jartzea lortu dela. Egun, ordea, mugimendu feministari diskurtsoa lapurtu izana egotzi diete “instituzioei, alderdi politikoei, enpresa multinazionalei eta zaintza erregimen bidegabe hau sostengatzen dutenei”. Egungo zaintza sistema “erabat asistentzialista eta familiarista” dela azaldu dute eta gaineratu “oso murritzak” direla zaintza lanak eskaintzen dituzten gizarte-zerbitzu publikoak. Instituzioetatik, gainera, zerbitzu publiko horiek pribatizatzen ari direla salatu dute eta zaintza negozio bilakatu izana leporatu diete.

Gogorarazi dute zaintza lanak, “historikoki, gutxietsita eta ikusezin” izan direla. Lan gisa onartuta ez egoteak “etxeko langileen esplotazioa eta prekarizazioa baimendu” dituztela gaineratu dute. Zentzu horretan, migranteengan jarri dute fokua: “Atzerritartasun legeak eta horri lotutako arrazakeria instituzionalak, politikoak, legalak, sozialak… ez die emakume etorkinei bestelako bizi eta lan aukerarik ematen”.

Zaintza sistema publiko duinaren beharra “urgentziazkoa” dela azpimarratu dute, “osasuna, hezkuntza, zaintza, pentsio duinak, etxebizitza eskubidea, errolda eskubidea, zaintzeko denborak, baimenak… bermatuko dituena”. Bide horretan urratsak emateko, borondate politikoa egotea ezinbestekoa dela nabarmendu dute.

Grebak utzitako irudiak bideoan ere jaso ditugu, ikusi hemen.

Arratsalderako deia

Gaur arratsalderako, eskualdeko manifestazioa dago deituta Zumaian. 18:00etan hasiko da eta Mariñaketik bertaratzeko deia egin dute. Garraiobide publikoa ez erabiltzearen ondorioz joateko zailtasunak izan ditzaketenak kontuan hartuta, saretzea proposatu dute.

 

Lotutako albisteak: