Igandean, abenduak 3, ospatuko da Euskararen Nazioarteko Eguna. Hainbat ekintza antolatu dira herrian horren harira; gaur emango zaio hasiera egitarauari.

Iturzaeta Herri Eskolako ikasleek egingo diote lehenik gorazarre gure hizkuntzari. Gaur, ostirala, 15:15ean trikitilariekin batera abiatuko dira ikastetxetik, plazara joango dira eguraldi ona bada eta kiroldegira txarra bada. Hamabost minutu beranduago hasiko da ekitaldia, non ikasleek hainbat abesti eta bertso kantatu eta dantza egingo duten.

Gaurko lotutako bigarren jarduera ere umeei zuzendua da. 18:00etatik aurrera, Teilatupean bertso-antzerkia izango dute ikusgai eskolako aretoan. Uxue Alberdiren eta Amets Arzallusen bertso batzuetatik abiatuta, etxearen inguruko hainbat gai lantzen dituzte ikuskizunean Maren Basterretxeak, Maite Aizpuruak eta Uxue Alkortak, hala nola, adiskidetasuna, zaintza, etxebizitzaren arazoa, migrazioa, marjinazioa eta duintasuna.

Igandean, euskararen egunean bertan, kantujira egingo dute Salbatore Abesbatzarekin, 12:30etik aurrera.