Atzo aurkeztu zuten, Donostian, 18 Astetan Triatleta programaren laugarren edizioa. Aurreko hiru edizioetan, 458 pertsonek osatu dute erronka, %50 emakumezkoak.

Antolatzaileen esanetan, “lehiakortasuna albo batera uzten duen euskara hutsezko erronka honek, 18 astez entrenamendu taulak, topaketak eta aholkuak jarraituz, triatloi proba batean parte hartzeko prestatzea du helburu”.

Horretarako, parte-hartzaileek astero jasoko dituzte Hektor Llanosek prestatutako entrenamenduak. Gainera, aholkularitza zerbitzua edukiko dute une oro eskuragarri.

Asteko entrenamendu kopurua (hiru edo bost) parte-hartzaile bakoitzak triatloirako aukeratutako distantziaren araberakoa izango da. Hiru dira aukerak: super sprint edo herrikoia (350 metro igerian, 10 kilometro bizikletan eta 2,5 kilometro korrika), sprint (750 metro igerian, 20 kilometro bizikletan eta 5 kilometro korrika) edo olinpikoa (1.500 metro igerian, 40 kilometro bizikletan eta 10 kilometro korrika). Asmoa da triatloi denboraldiaren hasierarako distantzia horietakoren bat egiteko prestatuta egotea.

Izen-ematea zabalik

Erronka otsailaren 19an hasiko da eta izen-ematea dagoeneko zabalik dago www.triatloiamaitedut.eus webgunean. 14 urtetik gorako edozein pertsonak har dezake parte, doan.

Gainera, aurten Premium izen-ematea sortu dute (ordainpekoa da) eta hau aukeratzen dutenek ongietorri poltsa, agenda, zozketatan parte-hartzeko aukera eta Eusko Label saskia ere jasoko dute.

Enbaxadoreak

Azken urteetan hainbat pertsona ezagunek egin dute bat 18 Astetan Triatleta egitasmoarekin. Aurten, Nerea Mozo, Jon Olivares eta Miren Arrieta aktoreak izango dira enbaxadoreak eta “urduri baina gogotsu” daudela azaldu dute.

 

Argazkia: Triatloia maite dut