Getariarrek ez dute hutsik egin inauterietan eta aurten ere kolore askotariko arropak jantzi eta kalera irten dira ospatzera. Haietariko askok, bestelako elementuak prestatu dituzte gaurko eguna girotzeko.

Hala, dragoi koloretsuak, zirkua, Getarian ohikoa den Imsersoko autobusa, zukuak egiteko barra, lehenengo eta aurtengo Korrikak, ibilgailuak eta abar luze bat ikusi dira kaleetan.

Arratsaldean dantzaldia izan da eta haurrak zein helduak erakarri ditu plazara. Haren amaiera aldera, gunea jendez bete da aurtengo inauterietako sarituak ezagutzeko. Kartel lehiaketako irabazleek sariak jaso dituzte lehenik: Haur Hezkuntzako bigarren eta laugarren maila artekoa, Eva Antomas Bazaesek; Lehen Hezkuntzako 1-3 mailetakoa June Urresti Txuekak, LHko 4-6 mailetakoa Maren Balenziaga Alkortak eta helduena, Eneritz Manterola Alkortak. Erakusleiho lehiaketako sari nagusia Neves tatoo-dendak jaso du; bigarrena, Magdha belar-dendak eta hirugarrena Eskura fisioterapiak.

Mozorroen sariei dagokionez, zirkuko haurrek jaso dute haur txikien kategorian eta mekanikoek gaztetxoenean. Helduetan, banakakoa loritoak irabazi du eta taldekakoa, berriz, sare konpontzaileek. Azkenik, Karnabaleruena Kasuba taldea izendatu dute “jarreragatik eta sortu duten giroagatik”.

Horrez gain, aipamen berezia egin diete Korrika mozorrotzeko gaitzat hartu duten bi taldeei. Lehenengo Korrika hartan oinarrituta, Aita Barandiaran bera ikusi dugu Getarian testiguarekin, baita aurtengo Korrikako pankarta ere. Euskaraz ikasten jarraitzeko eta erabiltzeko aldarria egiteko baliatu dute plazara ateratzeko emandako aukera: “Ezagutzak gora egin arren, erabileran ez gabiltza oso fin. Horrez gain, oraindik ez dago bermaturik euskaraz normaltasunez bizi ahal izatea eta euskaldunen eskubideak ere ez dira beti errespetatzen”.

 

 

Plazatik Kale Nagusira lekualdatu da ondoren jaia, bertan abiatu baitu arratsaldeko emanaldia Sugarri txarangak.

 

Lotutako albisteak: