Iaz egin modura, Gipuzkoako Merkatarien Federazioarekin lankidetzan, merkataritza eta zerbitzu sektoreetako profesionalei zuzendutako formakuntza diseinatu du Urola Kostako Udal Elkarteak. Saioak doakoak dira eta otsailaren 27an hasita, martxoaren 21ean amaituko dira.

Formazioak digitalizazioa du ardatz eta saltokien online nahiz offline esperientzien bateratzea du oinarri. Hala, helburua da “parte-hartzaileei bi espazio horiek bezeroaren esperientzia hobetzeko baliatzen erakustea eta marka identitatea sare sozialetan zein saltokietan islatzeko edota bezeroaren leialtasuna lortzeko gakoak ematea; besteak beste, komunikazio digitala baliatuta.”

Zortzi saiok osatzen dute ikastaroa. Zehazki, ondorengoa da egutegia: otsailaren 27an, 29an eta martxoaren 5ean, 7an, 12an, 14an, 19an eta 21ean. Guztiak gazteleraz izango dira eta Udal Elkartearen egoitzan egingo dituzte, 14:00etatik 16:00etara. Jorge Malkorra eta June Aymat izango dira gidariak.

Parte hartzeko ezinbestekoa da aurrez izena ematea. Horretarako, enpresa@urolakosta.eus helbidera idatzi edo 943 890 808 telefono zenbakira deitu behar da.